23. Korrika

Korrikaren amaierako festara joateko autobusa jarri dute Zarauztik ere

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 6a, 12:00
2022ko Korrika Zarauztik igarotzen.

Martxoaren 24an amaituko da euskararen aldeko martxa Baionan. Hara joateko autobusa jarri du AEK-k.

Irunen martxoaren 14an hasi eta 11 egun geroago bukatuko da 23. Korrika Baionan. Ohi bezala, festa giroan amaituko dute euskararen aldeko martxa erraldoia, eta bertara gerturatzeko autobusak jarri ditu AEK-k. 

Zarauztik Korrika amaierako jaira joan nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete. Horretarako bi aukera dituzte, AEK-ren euskaltegian edo Eguzki tabernan. Autobusean apuntatzeko 15 euro ordaindu beharko dira. Izena emateko azken eguna martxoaren 21a izango da.

Zarauztik autobusa goizeko 08:40an abiatuko da Nafarroa kaletik, Eguzki taberna pareko geralekutik.

23. Korrika martxoaren 19tik 20rako gauean igaroko da Zarauztik, gaueko 00:45ak aldera.