Mendizaletasuna sustatuz txikitatik

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 3a, 15:00

Eskolarteko ibilaldi neurtuak egin dituzte gaur lurralde osoan. Urola Kosta eskualdeari dagokionez, Zarautz inguruko parajeetan egin dute eta bertan 157 haurrek hartu dute parte.

Gipuzkoan haurren mendi ibilaldi neurtuak antolatzen hasi ziren 1980ko hamarkadaren amaieran, eta gaurkoarekin 35 edizio bete ditu. Lurraldeko eskualde desberdinetan antolatu dituzte mendi martxa hauek egun berean. Urola Kosta eskualdean Zarauzko Pagoeta mendizale elkarteak hartu du aurtengo ibilaldia antolatzeko ardura.

Eguraldia egokiena ez bazen ere, hotzak ez ditu gaztetxoen mendirako gogoa uxatu eta 157 haur gerturatu dira Zarauzko Zinema frontoira, handik mendi martxa hasteko. Haurrekin batera, 64 helduk ere egin dute bidea, eta horiei gehitu behar zaie laguntzaile lanetan aritu diren 55 boluntario.

Bi ibilbide antolatu dituzte gaurko jarduerarako, luzea eta motza. Luzeena Garate gaineraino joango da, eta motza, berriz, Zingiraraino. Aipatutako azken puntu horretan eta Iruerreketan kokatuko dituzte kontrolak. Bidean zehar mokadu bat jateko aukera ere izan dute gazte zein helduek.

Argazkiak: Pagoeta mendizale elkartea.