Laugarren sailkatu da Nadia Erostarbe Munduko Txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 3a, 17:30
Nadia Erostarbe, Munduko Txapelketako gaur jokatutako finalaren aurreko kanporaketan. (ISA / Jersson Barboza)

Surflari zarauztarra finaleraino heldu da Puerto Ricon sekulako lana egin ondoren, baina ezin izan ditu aurkariak mendean hartu. Edonola ere, sari potoloa ekarriko du etxera, Parisko Joko Olinpikoetarako txartela ziurtatuta.

Nekez ahaztuko du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak Puerto Rico Arecibon jokatutako Munduko Surf Txapelketan bizitakoa. Ez du lehenengo aldia izan Munduko Txapelketan, baina orain arteko emaitzarik onena eskuratu du finalera sailkatu ondoren. Hori gutxi balitz bezala, Puerto Ricon jokoan ziren Parisko Olinpiar Jokoetara txarteletako bat ere eskuratu du zarauztarrak. 

Joan den ostegunean lortu zuen zarauztarrak uda honetan Tahitiko (Polinesia Frantsesa) Teahupoo uharrian jokatuko dituzten Olinpiar Jokoetarako txartel hori, baina horrekin nahikoa ez, eta Munduko Txapelketan ahalik eta postu onena lortzeko borrokan murgildu da zarauztarra, esan bezala. Hala, kanporaketa bat bestearen atzetik gainditu du eta bigarren aukerakoak zapaldu gabe iritsi da finalera.

Gaur arratsaldean (Euskal Herriko ordutegian) jokatu da finala eta Sally Fitzgibbons australiarra, Tatiana Weston Webb brasildarra eta Johanne Defay frantziarra aurkari zituela, baina ezin izan ditu gaindik. Erostarbek 9,57 puntu lortu ditu bere bi olatu onenekin, eta laugarren sailkatu da. Fitzgibbons izan da txapelduna, 13,10 punturekin; Weston Webb sailkatu da bigarren, 12,24 punturekin, eta Defay hirugarren, 12,00 punturekin.

Gizonezkoetan, berriz, Gabriel Medina brasildarra izendatu dute txapeldun. Final horretan ere izan da beste euskal surflaririk parte hartzaileen artean. Joan Duru baionarra, hain zuzen ere. Baina, Erostarbek bezalaxe, laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Keoni Lasa zarauztarrak ere hartu du parte Munduko Txapelketan Venezuelako selekzioarekin, baina lehenengo kanporaketan kaleratua izan ondoren, bigarren aukerako bosgarren kanporaketan behin betiko kaleratu zuten.