23. Korrika

23. Korrikaren antolatzaileek Zarautz eta Getaria arteko ibilbidea moldatu dute kostako errepidearen itxieragatik

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 5a, 09:14
Meaga eta Garate errepideak ageri diren mapa, Zarautz eta Getaria artean.

Zarautzen, Photomuseum parera iritsitakoan, kostako N-634 bidea hartu beharrean Meagakoa hartuko du Korrikak, eta Garatetik barna iritsiko da Getariara. Aldaketak bederatzi kilometrotako lekukoei eragingo die, eta bere alde ona ere izan duela azpimarratu du Egoitz Dorronsoro Urola Kostako koordinatzaileak.

Otsaila hasierako denboraleek zuloa eragin zuten Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidean, eta azken egunetan zuloa handitu egin da. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak errepidea erabat ixtea erabaki zuen, eta jakinarazi du errepidea hainbat astez egongo dela zeharo itxita. Egun gutxi barru, ordea, errepide hori zeharkatzeakoa zen 23. Korrika; martxoaren 19tik 20rako gau partean , hain justu.

Horregatik, Korrikako arduradunek ibilbidea moldatu egin behar izan dute, eta Hitzari jakinarazi diote zein izango den alternatiba: Zarauzko ibilbidea berdin-berdina izango da Photomuseumera iritsi arte. Han, 1.400 kilometroaren lekukoek, Meagarako biderantz jarraituko dute, kostako errepiderantz segi beharrean. Meagara iritsi, eta Garatetik jarraituko du Korrikak, errepidean behera iristeko Getariako erdigunera. 1.409 kilometrotik aurrera, ohiko ibilbidea izango du berriro Korrikak. Bederatzi kilometrori eragingo dio,  beraz, Getaria eta Zarautz arteko errepidearen itxierak.

Aldaketak, alde ona ere bai

Egunotan ari dira zehazten lekuko aldaketak zer puntu zehatzetan izango diren Meaga eta Garate bideetan, eta erabakitakoan jakinaraziko dute.

AEKko arduradunek aldaketa halabeharrez egin badute ere, Egoitz Dorronsoro Urola Kostako Korrikaren arduradunak ikusi dio alde onik ere: "Ez da inoren errua errepidean zuloa egotea eta ibilbidea moldatu beharra. Hala egokitu da, eta gainera, badu alde positibo bat: aurreikusitakoa baino eragile gehiago animatu dira kilometroa erostera, eta hasierako ibilbidean, lekuko batzuek metro gutxi batzuk egin behar zituzten korrika; orain, tarte duinagoa egin ahal izango dute eragile horiek".