Aiten Etxek Repsol gidako Eguzkia eskuratu du

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 5a, 11:30
Javi Sierra, Repsolen Eguzkia eskuan duela. (Repsol gida)

Javi Sierra sukaldariak zuzentzen duen Zarauzko jatetxeak atzo jaso zuen aitortza gastronomikoa Murtzian (Espainia) egin zuten ekitaldian. Lehenengo Repsol Eguzkia da negozioa zabaldu zutenetik.

Bart banatu dituzte jatetxe onenak aitortzen dituen 2024ko Repsol Gidako Eguzkiak Cartagenan (Murtzia), eta Eguzki banarekin itzuli dira etxera Zarauzko Aiten Etxe jatetxeko Javi Sierra eta Zestoako Aranetako Joseba Odriozola.

Zarauzko Ur Bare hoteleko Aiten Etxe jatetxe berrituari dagokionez, Javi Sierrak parrillarekin dituen abileziak nabarmendu ditu Repsolek, eta azaldu du "karta tradizional baina eguneratu batekin" defendatzen duela jatetxearen eskaintza.

Repsolek nabarmendu duenez, "euskal sukaldaritza tradizionala defendatzen" duen jatetxea da Araneta, eta eskaintzen dituzten arrainen eta haragien kalitatea azpimarratu dute sariketan. Era berean, erretegiko txuleta jarri dute eskaintzaren barruko "erregina" gisa. Aranetan sukaldaritza "mimoz" egiten dutela nabarmendu du epaimahaiak.

Iaz, Zumaiako Hamarratz jatetxeak eskuratu zuen Repsolen Eguzkia.

Honako hauek dira gaur gaurkoz eskualdean Repsolen Eguzki sari bana duten jatetxeak:

  • Gure Txokoa (Zarautz).
  • Kirkilla Enea (Zarautz).
  • Aiten Etxe (Zarautz)
  • Hamarratz (Zumaia).
  • Iraeta (Zestoa).
  • Araneta (Zestoa)