Play-Eruak txapelketarako izen ematea zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 6a, 09:00
Iazko Play-Eruak txapelketa. (Onintza Lete Arrieta)

DBHko ikasleei zuzenduta dago eta apirilaren 6 eta 7an jokatuko dute. Inskripzioak egiteko azken eguna, berriz, martxoaren 15a, datorren asteko ostirala, izango da.

Play-Eruak Hondartzako Futbol Txapelketa antolatu dute laugarrenez, eta aurrekoetan bezalaxe, asteburu oso batean luzatuko da, larunbatean nahiz igandean jokatuko dituztelako partidak datorren apirilaren 6an eta 7an. DBH mailetako ikasleek izango dute parte hartzeko aukera; izan ere, adin horretako gazteek ezin dute jokatu eskolarteko kirolean eta plaieroetan, eta horretarako aukera eman nahi diete asteburu batean bada ere. 

Bada, antolatzaileek zehaztu dutenez, parte hartzeko interesa duten gazteek dagoeneko eman dezakete izena. Martxoaren 15a, datorren asteko ostirala izango da horretarako azken eguna eta honako lotura honetan egin daitezke inskripzioak. Bertan taldeari buruzko informazioa zehaztu beharko dute eta zein kategorietan lehiatu nahi duen, hiru egongo baitira: neskena, mutilena eta mistoa. Antolatzaileek, azken kategoria horretan izena ematera animatu dituzte gazteak, batez ere.

Talde guztiak zazpi jokalariz osatuta egongo dira, gutxienez, eta hamabikoa izango da, aldiz, gehienezko kopurua. Zentzu horretan, azaldu dute zazpi jokalari arituko direla jokoan, eta, nahi adina aldaketa egiteko aukera izango dela. Dena den, mistoak diren taldeetan genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dutela uneoro jokatzen.

Jokalarietako bakoitzak kuota bat ere ordaindu beharko du txapelketan parte hartu ahal izateko, baina ez da ekonomikoa izango. Olio botila, azukre paketea edo dilista paketea eman beharko dute futbolariek. Antolatzaileek Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko diote bildutako janari hori guztia. Horregatik, jokalariak ez ezik, janaria eman nahi duen herritar oro animatu dute elikagaiak ematera.

Jan-edanari lotuta, era berean, postua jarriko dute txapelketan eta jokalariek aukera izango dute indarrak berreskuratzeko txokolate beroa eta fruta hartuta. Beste postu batean, berriz, Arraio irratiko kideak izango dira eta txapelketa girotzeko betekizuna izango dute. Partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak eskainiko dituzte bertatik.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, lehiakortasunaz harago lagunarteko giroa sortzea da xede nagusia. Horregatik, sariak zozketatu egingo dituzte parte hartzaileen artean: taldeentzako afariak, surf ikastaroak, izozkiak eta Txuri-Urdinera joateko sarrerak, besteak beste. Nolanahi ere, edozein zalantza izanez gero, antolakuntza@playeruak.eus helbidera helarazi eta bertan argituko dutela adierazi dute.