Harrera olinpikoa egin diote Nadia Erostarberi

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 6a, 11:00

Zarauzko surflariak ezustean jaso du herritarren ongietorria beroa Puerto Ricoko Munduko Txapelketatik bueltan. Sentitua izan da ekitaldia eta goraino bete dute udaletxeko pleno aretoa.

Puerto Ricotik bueltan Zarautzen da jada Nadia Erostarbe surflari zarauztarra. Atzo iluntzean heldu zen eta herritarren harrera beroa jaso zuen herria zapaldu bezain pronto. Aurrez, Loiuko (Bizkaia) aireportuan bertan ere egin zioten ongietorria harekin batera Parisko Olinpiar Jokoetara sailkatzea lortu duten beste bi surflariekin batera. Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarra da horietako bat.

Lehenengo harrera horren ondoren, 19:15 aldera heldu zen Zarautzera, eta, familiarekin herrigunera gerturatutakoan Lege Zaharren Enparantzan zain zituen herriko agintariak, bizilagunak eta gertuko lagunak. Surfari lotutako hainbat aurpegi ezagun ere baziren bertaratuen artean Erostarberi omen egiteko: Aritz Aranburu, Indar Unanue, Julen Elkoro eta Miriam Imaz, besteak beste. Azken hori, nazioarte mailan lehiatu zuen herriko lehen emakume surflaria.

Surf taulekin korridorea osatuz, udaletxerako bidea markatu zioten. Ezustean hartu zuen ongietorria kirolari olinpikoak, eta, hunkitu ere egin zen, gainera. Udaletxe atarira heldutakoan, lore sorta jaso zuen eta aurreskua eskaini zioten bi dantzarik. Horren ondoren, udaletxeko pleno aretora igo zen udaleko ordezkarien aitortza jasotzeko. Goraino bete zuten pleno aretoa.

Xabier Txurruka alkateak, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak eta Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak hartu zuten hitza eta balio eman zioten Erostarberen balentriari. Haiekin batera, Itziar Murua Zarauzko EH Bilduren udal taldeko bozeramaleak ere hartu zuen parte ekitaldian. Guztiek Tahitin (Polinesia Frantsesa) jokatuko duen probarako zorte ona opatzeaz gain, hango gorabeherak gertutik jarraituko dituztela adierazi zuen alkateak, nahiz eta Tehaupoo kilometro askora egon. Horrez gain, hitz eman zuen handik bueltan beste omenaldi bat egingo diotela. Erostarbek, bere aldetik, ere esker hitzak izan zituen bertaratu guztientzat.