Auzolana egingo dute Igerain errekan bihar

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 8a, 15:00
Igerain erreka. (Zarauzko Udala)

Herriko neska talde batek antolatuta, erreka garbitu eta hainbat zuhaitz landatuko dituzte. 10:30ean jarri dute hitzordua, anbulatorio alboan. Aurrez izena eman beharko dute interesa dutenek. 

Herriko 17 urteko neska talde batek antolatuta, Igerain errekan auzolana egingo dute bihar. Errekako zaborrak bilduko dituzte, eta horretaz gain, hainbat zuhaitz ere landatuko dituzte. 10:30ean jarri dute hitzordua, anbulatorio alboan. Berez, iganderako zuten zehaztuta egitasmoa, baina eguraldia dela eta, bihar egingo dute azkenean. 

Ekimenean parte hartzeko aurrez eman beharko dute izena interesa dutenek, 943-005 159 telefonora deituta edo zarautz@eraztunberdeurdina.eus posta elektronikora idatzita. Antolatzaileek oinetako erosoa eta egokia eramatea gomendatu dute, katiuskak edo antzekoak. 

Udala, ekimenarekin bat

Udaleko Ingurumen sailak bat egin du ekimenarekin, eta azaldu duenez, kuadrila beraiekin jarri zen harremanetan beren asmoa azaltzeko. Udaletik eremu irisgarri bat proposatu zitzaien, eta bi aldeetako adostasuna lortuta, biharko jarri zuten hitzordua. 

"Ubide naturala da, nahiko egoera onean dago eta Eraztun Berde Urdinaren barruan dago. Oso pozik gaude sentsibilizatuta eta natura zaintzeko prest dauden gazteak daudelako eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Halaber, herritarrak ekimen honekin bat egitera animatu nahi ditugu”, adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.