Etxebizitza tasatuen zozketako emaitzak argitaratu ditu udalak

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 9a, 10:00
Asteazkeneko etxebizitza tasatuen zozketa Modelon. (Oier Arregi)

Aurki jakinaraziko dute eskatzaile bakoitzari notario aurrean esleitu zaion etxebizitza zehazten duen zerrenda.

Asteazkenean zozkatu zituzten Salberdingo R10, R11, R12 eta R13 partzeletako 139 etxebizitza tasatuak; 94 Erregimen Berezikoak eta 45 Erregimen Orokorrekoak, zehatz-mehatz. Orain, Zarauzko Udalaren webgunean argitaratu dituzte zozketen emaitzak, eta, datozen egunetan, eskatzaile bakoitzari notario aurrean esleitutako etxebizitzaren zerrenda ere jakinaraziko dute, logela-kopurua bizikidetza-unitateen beharretara egokitzeko irizpidea kontuan hartuta. Era berean, itxaron zerrenda osatu dute; zozketa bakoitzean ateratako azken bolaren hurrengo zenbakia hartu dute erreferentziatzat horretarako.

Garbiñe Oiarbide Hirigintza zinegotziak ondorengo balorazioa egin du etxebizitza babestuko azken promozioen zozketari buruz: “Azken 139 hauekin, guztira 513 dira Zarauzko etxebizitza babestu eskatzaileei esleitu zaizkien etxebizitzak; horietatik 19 alokairuan. Aurrerantzean, gure Etxebizitza Plana garatzen jarraituko dugu, herritarrei etxebizitza irtenbide errealak eskaintzen jarraitzeko. Esan beharra dago, alokairu sozialak garrantzia handia izango duela datozen promozioetan”.

Ondoren etorriko diren promozioak ahalbidetzeko "aurrerapausoak ematen" jarraitzen duela nabarmendu du udalak, Lanpardo, Salberdin, Irita eta Amillubi guneei erreferentzia eginez. Guztira, agintaldi berri honetan babesturiko 426 etxebizitza berri gehiago esleitzea aurreikusten dute, horietatik 406 alokairuan. Aipatu sustapenak aurrera egin ahala, horietan parte hartzeko argibideen informazioa zabalduko dute.