Euskal Jaien mendeurrenerako herritarren ekarpenak jasoko ditu udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 10a, 09:00
Arana, Txurruka eta Urbieta. (Zarauzko Udala)

Zarauztarren ekarpenak jasotzeko galdetegi bat zabalduko udalak, hiru galderekin. Hori erantzuteko azken eguna apirilaren 9a izango da. Horretaz gain, herritarrek Turismo Bulegora gerturatu eta bertan euren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute.

Urte erdia, sei hilabete, besterik ez dira geratzen aurtengo Euskal Jai Egunerako. Aurtengoa, gainera, ez da nolanahikoa izango, zarauztarrek horren estimatua duten festak mendeurrena betetzen baitu. 1924. urteko irailaren 9an ospatu zuten lehen Euskal Jai Eguna, eta 40 urte geroago iritsi ziren Haurren Euskal Jai Eguna eta Euskal Astea.

Urteurren borobila ospatzeko, udalak "egitarau berezi eta gogoangarri bat" antolatu nahi du, eta herriko hainbat eta hainbat eragilerekin elkartu ondoren,  herritarren "nahiak eta ekarpenak" jaso nahi ditu orain. 

Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen hitzetan, "denetarik egongo da egitarauan, eta denentzako izango dira antolatutako ekintzak". Leire Arana Partaidetza, Turismo eta Jai eta Ekitaldien zinegotziak gehitu duenez,  udalean lantalde bat sortu dute, eta bertatik atera dituzte dagoeneko hainbat proposamen: erakusketa berezi bat, logo lehiaketa bat mendeurrenean erabiltzeko, erromeria bereziak…

Zarauztarren ekarpenak jasotzeko galdetegi bat zabalduko udalak, hiru galderekin -hemen ikus daiteke galdetegia-. Galdetegia elebitan egiteko aukera ere izango dute herritarrek -hemen- eta denak guztiz anonimoak izango dira. Galdetegia osatzeko azken eguna apirilaren 9a izango da. Horretaz gain, herritarrek Turismo Bulegora gerturatu eta bertan euren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute.

Erakusketa berezia

"Mendeurrenean bizitako esperientziak eta ekitaldiak gogora ekartzeko asmoz", Zarauzko Udalak erakusketa berezi bat antolatuko du udan Merkatu Plazako lehen pisuko espazioan. 100 urteko errepasoa Photomuseumek egingo du, izan ere, Foto Garren funtsaren inbentarioa eta digitalizazioa ari dira egiten gaur egun, eta udalak azaldu duenez, "Zarauzko Euskal Jaiak presentzia nabarmena du artxibo horretan". Euskal Jaien hasiera ofizialaren aurretik sortuko duen dokumentazioa ere artxibo horretatik hartuko du udalak. 

Argazki eta dokumentazioarekin batera, erakusketan Euskal Jai Egunean hain adierazgarriak diren karrozak ere nabarmenduko direla gehitu du udalak. Horretarako, Joxe Mari Zuazobidek urteetan zehar egindako 30 karroza ingururen maketak eta argazkiak ikusgai izango dira. “Jakina da karrozak Euskal Jaietan izan duten presentzia eta, gure herrian, horren adierazle nagusia Zuazobide da. Erakusketa honekin, bere bizitzan zehar karrozekin egindako lan izugarriari aitormena egin nahi diogu”, azaldu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.