Herriko ikastetxeek ere egin dute bat Martxoaren 8ko aldarriekin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 8a, 18:15

Hezkidetza Foroarekin bat etorri dira eta aste osoan egin dute dituzte ekintzak ikasleekin gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko bidean. Gaur lanketa borobildu dute.

Antoniano ikastetxeak, La Sallek, Lizardi Institutuak, Orokieta Herri Eskolak eta Salbatore Mitxelena Ikastolak bat egin dute gizonen eta emakumeen parekidetasuna aldarrikatzeko gaurko egunarekin, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Hala, Hezkidetza Foroaren deialdiari jarraituz, hainbat ekintza egin dituzte herriko ikastetxeetan. Monte Albertia Lanbide Heziketa Zentroan greba egin dute ikasleek, eta, ondorioz, bertan behera utzi dituzte ekintza horiek.

Nolanahi ere, ikastetxe gehienek azaldu dute aste osoan egin dutela gaiaren inguruko lanketa. Hala, Antoniano ikastetxeak azaldu du, esaterako, aurreko urteetan bezala ikasleek egindako bi mural jarri dituztela ikastetxeko bi sarreratan Askatasunaren hegoak lelopean. Honez gain, maila bakoitzak, adinaren araberako lanketa egiteko aukera izan du. Hori horrela, hainbat eskulan egin dituzte, jolasak, abestiak, emakume eredugarriei buruzko talde lanak, aurkezpenak, feminismoari buruzko gogoeta eta historia lanketa.

La Salle ikastetxean, berriz, Emakumeen Txokoa prestatu dute aste osoan eta gaur eman diote amaiera. Salbatore Mitxelena ikastolan hainbat txoko apaindu dituzte, era berean, eta arratsaldean ikasle guztiak bildu dituzte jolastokian.

Lizardin, ikasleek egindako txapak jantzi dituzte eta Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako musika jarri dute orduz ordu. Halaber, bost minutuko elkarretaratze bana egin dute institutuko bi eraikinetan eta irakasle guztiak gaurko eguna oinarri duen Kahoot jolasean aritu dira gaiarekiko sentsibilizazioa bistarazteko. Ikasleek, gainera, aldarrikapenez apaindu dituzte bi eraikinen barrualdeetako korridoreak.

Orokietan, azkenik, euskal emakume antzezleei buruzko proiektua egin dute eta ikastetxeko irratira gonbidatu dituzte Iraia Elias eta Ainere Tolosa antzezleak ikasleen galderei erantzuteko. Era berean, familiek eta ikasleek bakoitzaren bizitzan garrantzitsua den emakume baten argazkia eraman dute eta Gure bizitzako emakumeak deitu duten bilduma osatu dute.