Martxoaren 8ko "zentzu iraultzailea berrezartzeko" beharra azpimarratu du Itaiak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 8a, 21:00

Urola Kostako emakumeen antolakunde sozialistak deituta dozenaka lagun elkartu dira arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Bertan salatu dute "emakume langileak sozialki zapalduak" izaten jarraitzen dutela.

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunea baliatuta, Urola Kostako Itaia emakumeen antolakunde sozialistak "beharrezko" jo du gaurko aldarrikapen egunaren "zentzu iraultzailea berrezartzea". Hala nabarmendu dute antolakundeko bi kidek Lege Zaharren Enparantzan deitu duen protesta elkarretaratzearen ondoren irakurri duten manifestuan.

Eskualdeko herrietako dozenaka lagun bildu ditu Itaiaren mobilizazioak "emakume langileak sozialki zapalduak izaten jarraitzen dutelako", oraindik. Era berean, arazo horri aurre egiteko instituzioen jarrera salatu dute "itxuraz aurrerakoiak diren legeek eta politikek ez dietelako emakume langileen problematikari heltzen". Halaber, adierazi dute berdintasun politika horiek klase ertaineko emakumeei soilik egiten dietela  mesede.

Ildo beretik, "euskal politikagintza profesionalean zaintza auziak hartu duen presentzia" kritikatu dute, alderdi guztiek "proposamen bertsua" egiten dutelakoan: zaintza sistema publiko-komunitarioa. Zentzu horretan, Itaiak adierazi du eztabaida "alderdikoia" ari dela izaten eta ez duela zentzurik, "sistema kapitalista eta hura sostengatzen duten erakundeak direlako hori bultzatzen ari direnak, eta, hain justu sistema bera delako emakume langileen zapalkuntza betikotzen duena".

Hori horrela, emakumeen antolakunde sozialistak aldarrikatu du "emakumeak aktibo politiko bilakatzea" dela irtenbidea, eta, horretarako ezinbestekoa dela lan politiko guztia sozialismoaren eraikuntzan kokatzea. Hala, langileen bizi baldintzen alde Itaiak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzeko deia egin antolakundeak.