Igerain erreka garbitzen aritu dira goizean dozena bat lagun

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 9a, 14:30

Herriko bi neska gazterena izan da ekimena eta hainbat lagun bertaratu dira deialdiari erantzuteko. Plastikoak eta bestelako hondakinak jasotzen aritu dira eta zuhaitzak ere landatu dituzte.

Dozena bat lagun, haur, gazte nahiz heldu, Igerain erreka garbitzen aritu dira gaur goizean. 16 urteko bi neska gazte izan dira gaurko egunean herri barruko ingurumena zaindu eta herritarrak sentsibilizatu asmoz aipatu ingurua garbitzeko deia egin dutenak eta "pozik" agertu dira jasotako erantzunarekin, "jende gutxiago espero" zutelako.

Hala, 10:30etan elkartu eta bertaratuei azalpenak eman ondoren, lanari ekin diote. Pare bat orduz aritu dira errekan aurkitutako plastikoak eta bestelako hondakinak jasotzen. Zentzu horretan, bi neskatoek gogorarazi dute zakar horrek guztiak itsasoan amaituko duela aurrez jasotzen ez badute. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak ere parte hartu du egitasmoan eta azaldu du inguruan hainbat espezie inbaditzaile ere badaudela eta aurrerago kenduko dituztela; izan ere, "gaurko lana gizakiak sortutako hondakinak jasotzea izan da".

Nolanahi ere, parte hartzaileak ez dira horretara soilik mugatu. Hainbat zuhaitz ere landatu dituzte: haltzak eta lizarrak, hain zuzen ere.