Ibai Makazaga eta Ioana Osa garaile Mahasti Krosean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 10a, 13:30
Ibai Makazaga eskuinean eta Ioana Osa ezkerrean, alabarekin helmugara iristen. (Jabi Gonzalez Toston)

Korrikalari oriotarra hirugarrenez gailendu da Talaiberri txakolindegiak antolatutako lasterketan. Ondarrutarrak, berriz, lehenengo aldiz irabazi du bere hirugarren parte hartzean.

Ibai Makazaga oriotarra eta Ioana Osa ondarroarra nagusitasunez gailendu dira Mahasti Krosaren bosgarren edizioan. Biek hala biek hasieratik hartu dute lasterketa burua emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan eta aurkariek ezin izan diete erritmoa jarraitu.

Hori horrela, hirugarrenez erreskadan irabazi du Talaiberri txakolindegiak antolatutako lasterketa Makazagak eta iazko denbora hobetuta egin du, gainera. 31 minutu eta 42 segundoan helmugaratu da aurten eta 32 minutu eta 25 segundo behar izan zituen iaz. Imanol Larrañaga azkoitiarrarekin pare-parean iritsi zen helmugara orduan. Larrañagak, ordea, aurtengoan ez du parte hartu.

Osak, aldiz, bere aurreko bi parte hartzeetan ere podiumera igotzea lortu zuen, aurten lortu du lehenengo aldiz proba irabaztea. Hark ere iazko denbora hobetu du, era berean, ibilbidea 40 minutu eta 57 segundoan osatuta, joan den urtean baino 26 segundo azkarragoa izan da.

Gizonezkoetan Mikel Usandizaga aiarra izan da bigarrena, Makazaga irabazlearengandik ia minutu batera (0:32:36). Are handiagoa izan da hirugarrenarekiko aldea; izan ere, 35 minutuak gaindituta helmugaratu da. Hain justu, etxekoen artean azkarrena, Tomas Agirre zarauztarra, izan da gizonezkoen podiuma osatu duena (35:05).

Emakumezkoen sailkapenari erreparatuta, bestalde, bi oriotarrek bete dituzte podiumeko bigarren eta hirugarren kutxak. Irune Lertxundik (42:16) bigarrena eta Ainhoa Usandizagak hirugarrena, zehazki. Lasterketan parte hartu duten Zarauzko emakumeen artean Rita Aldabaldetreku izan da onena (45:50), bosgarren postuan.