Eguraldia lagun, gustura aritu dira korrikalariak Mahasti Krosean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 10a, 17:30

Dortsalak agortuta ia 100 lagunek hartu dute parte Talaiberri txakolindegiak antolatutako lasterketan. Ibai Makazaga eta Ioana Osa izan dira azkarrenak, baina denek hartu dute gozatua. Horren adibide da gehienek aurpegian zuten irribarrea.

Dortsalak agortuta jokatu dute gaur goizean Mahasti Krosaren bosgarren edizioa. Hala, ia 100 lagun aritu dira korrika Talaiberri txakolindegiaren mahastien artean. Antolatzaileek zehaztu duenez, hainbat korrikalarik huts egin dutelako ez dira 100 parte hartzaileetara iritsi. Halaber, azaldu dute, gehientsuenek azken unean eman dutela izena.

Nolanahi ere, guztiek hartu dute gozatua; izan ere, eguraldia lagun izan dute, nahiz eta, goiz euritsua iragarrita zegoen. Halakorik ez da izan lasterketak iraun duen bitartean eta soroa ere lehor aurkitu dute parte hartzaileek. Hala, iazko lokatza saihestu dute. Ibai Makazaga eta Ioana Osa irabazleei txapelak jartzeko eta pisatu ondoren kiloak txakolin botila bihurtzeko sari banaketa ekitaldian egin du mehatxu handiena euriak. Tanta batzuk ere bota ditu, gainera, baina berehala atertu du.

Behin lasterketa eta sari banaketa amaituta, txakolindegiko atarian jarri duten karpan luzatu dira bertaratuak jan edanean. Euro batean txakolina eta pintxoak izan dituzte eskuragarri.

Erlazionatuak