Naiara Villasante Espainiako txapeldun judoko junior mailan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 11a, 11:00
Naiara Villasante junior mailako Espainiako Judo Txapelketako podiumean. (Euskal Judo Federzioa)

Judo Klub Lizardiko kirolariak lehenengo urrea eman dio Zarauzko taldeari Espainiako Txapelketa batean. Judo Club San Sebastianekin aritzen den Aritz Zubizarreta zarauztarrak, bestalde, brontzea lortu du.

Naiara Villasante Judo Klub Lizardiko kideak urrezko domina irabazi du junior mailako Espainiako Txapelketan. Larunbatean lortu zuen Argeda del Reyen (Madril, Espainia), 70 kiloz azpiko kategorian, eta lehenengoa da Zarauzko taldearentzat bere 25 urteko historian. Aurrez  lortuak zituen zilarrezko hiru domina eta brontzezko sei, baina urrerik sekula ez.

Villasantek hasieratik hartu zion aurre aurkariari eta nagusi izan zen borrokaldi osoan. Hala, "pozik" agertu da zarauztarra, lehen aldiz lortu duelako aurkaria menderatzea denboraldi honetan; izan ere, aurrez izandako bi buruz burukoetan galdu egin zuen.

Naiara Villasante eta Aritz Zubizarreta judoka zarauztarrak junior mailako Espainiako Txapelketan lortutako dominekin. (Utzitakoa)


Beste zarauztarrik ere izan zen junior mailako Espainiako Judo Txapelketa horretako podiumean; Judo Club San Sebastianekin aritzen den Aritz Zubizarreta, hain zuzen ere. Brontzezko domina zintzilikatu zuen 100 kilo azpiko kategorian.

Judo Klub Lizardiko Lore Austingek eta Eva Manzanasek ere parte hartu zuten txapelketan, eta, lehenengoak gertu izan zuen brontzeko domina. Zazpigarren sailkatu zen, azkenean, 78 kilo azpiko kategorian. Manzanasentzat, aldiz, nahi baino laburragoa izan zen txapelketa, lehenengo borrokaldian kanporatu baitzuten. 48 kilo azpiko kategorian aritu zen.

Ezkerretik eskuinera, Eva Manzanas, Naiara Villasante eta Lore Austing. (Judo Klub Lizardi)