Gipuzkoa Merkatariak federazioak herriko negozioen lana aitortu du

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 12a, 09:00

Jardunaldia Santa Klaran izan zen atzo, eta bertan parte hartu zuten Aurora Miralles estudioak, Cazalis Oinetakoak dendak, Veronica Cazalis estetika zentroak eta Biyona janari dendak. Maite Eskarmendi kazetariak gidatuta, euren negozioek duten balio erantsia nahiz etorkizunean izango dituzten erronkei buruz jardun zuten. Amaieran, Urkia dendari omenaldia egin zioten, 90 urte pasatxoko ibilbidea aitortzeko.

Kanpoan eguraldi kaskarra nagusitu bazen ere, giro ederrean ospatu zuten atzokoan Gipuzkoa Merkatariak federazioak Zarauzko hainbat negoziori egindako aitortza. Elkarteak, bere 90. urteurrena baliatuta, iaz hasi zituen Gipuzkoako eskualdeetako merkatariengana hurbiltzeko eta horien lana omentzeko jardunaldiak, eta besteak beste, Donostian, Eibarren, Errenterian, Zumarragan edo Tolosan izan ziren joan den urtean.

Santa Klarako erakusketa eremuan egin zuten atzoko ekitaldia, eta herriko negozioen parte hartzeaz gain, Ami Bondia kazetari eta idazlearen negozio aholkuak ere entzun zituzten merkatariek. Maite Balmaseda Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko zuzendariak elkartearen errepaso txiki bat egin zuen, eta horretaz gain eskerrak ere eman nahi izan zizkien negozioak dituzten familia nahiz norbanakoei. Leire Arana Partaidetza, Turismo eta Jai eta Ekitaldien zinegotziak ere hartu zuen hitza, eta nabarmendu nahi izan zuen herriko negozioak "herriaren motor" izanda, "udala beraiek laguntzeko prest" egongo dela behar duten guztietan. 

Jarraian iritsi zen herriko lau negozioen esperientziak entzuteko momentua. Bertan parte hartu zuten Aurora Miralles estudioak, Cazalis Oinetakoak dendak, Veronica Cazalis estetika zentroak eta Biyona janari dendak. Maite Eskarmendi kazetariak gidatuta, euren negozioek duten balio erantsia nahiz etorkizunean izango dituzten erronkei buruz jardun zuten. Amaieran, Urkia dendari omenaldia egin zioten, 90 urte pasatxoko ibilbidea aitortzeko. Urkiatarrek "ohorez" jaso zuten aipamena, eta denda berritu eta geroko etapa "gogoz" bizitzen ari direla azaldu zuten.