Hilberria

ZKEren xakeko atalak Bingen Urbietari eskaini dizkio asteburuko partidak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 11a, 17:15
Bingen Urbieta eskuinean, xake partida batean. (ZKE)

Taldeko lehendakaria eta jokalaria izan zen hainbat urtez, eta gaixotasun luze baten ondoren zendu da. Taldekideek gogoan izan dute eta doluminak eta besarkada bana helarazi diete familiari eta lagunei.

ZKE Zarautz Kirol Elkartearen xakeko atalak Bingen Urbieta izan du gogoan asteburuko partidetan lortutako garaipenean eta berdinketan. Taldeko lehendakaria eta jokalaria izan zen Urbieta hainbat urtez eta gaixotasun luze baten ondorioz hil zen atzo. Gaur emango diote azken agurra 18:30etan San Joan Bataiatzailea - Aita Frantziskotarrak elizan egingo duten hileta elizkizunean.

Xake taldeko egungo arduradunek nabarmendu dutenez, Urbietak lan handia egin zuen herriko ikastetxeetan eskola-kirola egitasmoaren barruan haurrei xakea irakasteko eta xakearekiko zaletasuna sustatzeko. Horren adibide da gau egun elkarteak dituen jokalari gazte gehienak harekin eman zituztela lehen pausoak xakean. "Ez dituzte ahaztuko Urbietak transmititutako ezagutza eta balore positibo guztiak", adierazi du klubak.

Era berean, doluminak eta besarkada bana helarazi nahi dizkie lehendakari ohiaren familia eta lagunei, "bizitzen ari diren une latz hauetan". Urbietari berari, bestalde, eskerrak eman dizkiote: "Xake taldeko pieza garrantzitsua izanik, zauden tokitik izan zaitez gure argi, zuk irakatsitako guztia transmititzen jarrai dezagun aurrerantzean ere".

Ligan emaitza onak

Esan bezala, ZKEren xakeko bi taldeek Gipuzkoako Ligako partidak jokatu zituzten asteburuan, zazpigarren jardunaldikoak, hain zuzen ere, eta garaipena eta berdinketa lortu zituzten. Etxean aritu ziren bi taldeak, ZKEren Musika Plazako egoitzan.

Preferente mailako taldeak 2-2ko emaitzarekin berdindu zuen Errenteriako Beraun-Bera taldearen aurka. Mikel Vicente eta Jon Lertxundi lehenengo bi tablerotan aritu ziren eta biek ala biek galdu egin zuten. Hirugarren eta laugarren tableroan, aldiz. Daniela Velte eta Aitor Duo aritu ziren eta garaipen handiak lortu zituzten. Berdinketa horrekin lehenbiziko postura igotzea erdietsi dute 9 punturekin, Hondarribi, Astigarraga eta Gros taldearekin berdinduta. Hurrengo asteburuan Marlaxka taldearen aurka jokatuko dute Hondarribian. hain justu.

Lehenbiziko mailako taldeak, bestalde, 2,5-1,5eko emaitzarekin garaipena lortu zuen Irungo Salto Bidasoa taldearen aurka. Iñaki Altzibarrek eta Iñaki Buruntzak lehenbiziko eta hirugarren tableroan jokatu zuten pieza zuriekin eta irabazi egin zuten. Martin Iribarrek, bere aldetik, bigarren tableroan jokatu zuen pieza beltzekin eta berdinketa lortu zuen. Jon Altzibarrek, azkenik, laugarren tableroan jokatu zuen, pieza beltzekin, era berean, baina galdu egin zuen. Garaipen horrekin bosgarren postura igotzea lortu du Lehen mailako taldeak eta 7 punturekin ageri da sailkapenean, orain. Datorren asteburuan Villabona taldearen aurka jokatuko du han.