Larunbatean abiatuko dute Zarautz eta Zumaia arteko tren zerbitzua

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 11a, 17:50
Urola ibaia zeharkatzen duen Trenzubia. (ETS)

2023ko uztailetik etenda dago bi herrien arteko tren zerbitzua, azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari zirenean gertatutako luizi baten ondorioz.

Euskal Trenbide Sareak jakinarazi du Zarautz eta Zumaia arteko tren zerbitzua berriz abiatuko dutela datorren larunbatean. Izan ere, zerbitzua itxita egon da 2023ko uztailaren 4tik, Meagako tunelean izandako luizi baten ondorioz. Hasiera batean hilabete eta erdiko etenaldia izan behar zuena, zortzi hilabetez luzatu da.

ETS azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari zen Meagako tunelean luizi bat gertatu zenean, eta horrek zortzi hilabetez eten du bi herrien arteko tren zerbitzua. Luiziak tunelaren harri-horma kaltetu zuen eta hori indartzen jardun dira langileak hilabete hauetan guztietan. Horrez gain, Urola ibaia zeharkatzen duen zubian ere egin ditu Euskal Trenbide Sareak konponketak: aurreko trenbide zeharra eta katenaria kendu zituzten; egitura konpondu, dardararen aurkako manta berezia jarri, dreinatzeko sarea kokatu eta trenbidearen egitura handia eta katenaria muntatu dituzte bueltan. Gainera, San Migel eta Meagako tuneletako trenbidea ere aldatu dute. Guztira, hiru eta kilometro eta erdi trenbide eta zati horri dagokion katenaria eta komunikazioak berritu ditu ETSk.