Gaurko greba eguna eragin apala izaten ari da herrian

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 12a, 14:00
Herritar batzuk kalean. (Onintza Lete Arrieta)

ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deitu dute gaurko lanuztera, baina udal zerbitzuak normaltasunez martxan direla jakin du Hitzak. Orokieta Herri Ikastetxean %50eko jarraipena izan du grebak, eta Lizardi Institutuan normaltasuna da nagusi, "irakasle gutxi batzuek" bakarrik egin dutelako bat grebarekin.

Langile publikoen egoera "okerrera" doala ikusita deitu dituzte sindikatuek grebara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileak. Hirugarren lanuztea da gaurkoa; urriaren 25ean egin zuten lehena, eta abenduaren 19an, berriz, bigarrena. Hala, ordezkaritzaren %80 baino gehiago diren ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta ari dira egiten gaurko greba. Oraingoan, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Zarautzen gorabeheratsua ari da izaten greba eguna. Izan ere, udal zerbitzuak normaltasunez daude martxan, Hitzak jakin duenez –udaletxea, liburutegia eta Gizarte Zerbitzuak, esaterako, zabalik daude–. Orokieta Herri Ikastetxean ari dira nabaritzen greba eguna, irakasleen erdiak egin duelako bat deialdiarekin. Lizardi Institutuan, aldiz, "irakasle gutxi batzuek" erabaki dute protesta egitea, eta normaltasuna da nagusi han ere.

Sindikatuen eskaerak

Sindikatuek azaldu dutenez, sektore publikoko langileen egoera "benetan" aldatzeko helburuarekin hartu dute mobilizazioekin jarraitzeko erabakia: "Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan". Honakoa gehitu dute: "EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrara, langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute".

Gaurko lanuztearen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8an kokatzea.