23. Korrika

Bihar iluntzetik aurrera txandakako zirkulazioa zabalduko dute Zarautz eta Getaria artean, eta Korrikak kostako ibilbidea berreskuratuko du

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 14a, 13:56
22. Korrika Getariatik pasatzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du N-634 errepidea konpontzeko lanak "aurreikusitakoa baino epe laburragoan" egin dituztela eta bihar 20:00etatik aurrera errei bat semaforo bidez irekiko dela. Hala, AEK-ko arduradunek gaur esan dute Korrikaren hasierako ibilbidea mantentzea erabaki dutela, "ordu erdiko atzerapena" eragiten zuelako bidea Meagatik eta Garatetik egiteak.

Getariako bizilagunentzat albiste ona eman zuen atzo arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiak: Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea konpontzeko lanak "uste baino epe laburragoan" egin dituzte, eta ostiral iluntzetik aurrera, errepidea zabalik egongo da. Bihar 20:00etan zabalduko dute errepideko errei bat, eta semaforo bidez bideratuko dute zirkulazioa.

Azken egunetan, Getariatik Zarautz aldera joateko Garate gaina erabili behar izan dute getariarrek, eta Meagatik barna iritsi Zarautzera; berdin, Zarauztik Getariara joan nahi izan dutenek. Izan ere, errepidean zulo handia eragin zuen denboraleak hil hasieran.

Errepidea itxi behar izanak ez die herritarrei bakarrik eragin; AEK-k erabaki behar izan zuen 23. Korrikaren ibilbidea moldatzea bi herri horien artean –hilaren 19tik 20rako gauean igaroko da–, eta Zarauztik Meagara joan eta handik Garatetik barrena sartzea Getariako erdigunera. Atzo, aldundiaren jakinarazpenaren berri izan ondoren, Korrikako arduradunek bilera egin zuten, eta erabaki zuten hasierako ibilbidea mantetzea. Hala, Zarauztik ateratzean kostako errepidea jarraituko du Korrikak, eta N-634 errepidetik iritsiko da Getariara. Beste bidea mantenduta "ordu erdiko atzerapena" eragiten zion Korrikari, eta horregatik erabaki dute ibilbidea berriz aldatzea.