Errepresio frankista jasan zuten emakumeak aztergai gaur Photomuseumen

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 15a, 10:00
Ione Zuloaga historialaria. (Andoni Elduaien)

Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari azkoitiarrak ikerketa egin du eta atera dituen ondorioak azalduko ditu Gela programaren barruan.

1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak, Gipuzkoako kasua azterlana aurkeztuko du gaur 18:00etatik aurrera Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialari azkoitiarrak, Photomuseumen. Zuloaga bera da ikerketaren egilea eta Gela programaren barruan antolatu dute saioa.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, historialariak lau zatitan banatu du ikerketa: Lehen atalean, Bigarren Errepublika garaian emakumeek eginiko aldarriak eta haien irudiaren inguruko aldaketa azaldu du; bigarrenean, estatu kolpearen eta gerra testuinguruan, emakumeek frontean izandako papera, erbesteratzeak, kanporatzeak eta erizain eta amabitxi bezala egin behar izandako lanei erreparatu die; hirugarrenean, emakumeen aurkako zenbait errepresio mota bildu ditu, eta, laugarren eta azken atalean, Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jaso du.