Ander Espallargas: "Askotan, ezkondu ondoren, emakumeak behartuak sentitzen ziren baserrian bizitzera"

Urko Iridoy Alzelai - Berria 2024ko mar. 16a, 11:30
Ander Espallargas. (Jabi Gonzalez Toston)

Emakumeek baserrian izan duten egitekoa ikertzen du Espallargas zuzendarietako bat duen Sustraiak dokumentalak. Batzuetan, baserriak matriarkatuarekin lotzen diren arren, askotan harreman behartua zeukaten emakumeek haien etxearekin. Berria egunkarian elkarrizketatu dute.

Gazte belaunaldiek atzera begiratu ohi dute, lehenago bizi ziren pertsonen bizimoduak eta ohiturak ikertzeko. Horren adibide da Ander Espallargas (Zarautz, 1996), Sustraiak dokumentalaren zuzendarietako bat. Baserriak ditu oinarri ikus-entzunezko lanak, bertan hazi, bizi izan diren eta lan egin duten emakumeak zehazki. Gizon baserritarraren irudia errotu da historian, baina emakumearen rola nabarmentzeko eta ikertzeko sortu dute Sustraiak. Bihar, 19:00etan, Legazpiko (Gipuzkoa) kultur etxeko areto nagusian ikusteko aukera izango da.

Nondik dator Sustraiak sortzeko nahia?

Sustraiak Ander Beizamaren [Zarautz, Gipuzkoa, 1996] eta nire proiektua da. Biok ikus-entzunezko mundutik bizi gara, eta lan bat egiteko gogoarekin elkartu ginen. Euskal nortasuna ukitu nahi genuen, horren inguruko mitoak jaso, ikertu eta proiektu bat sortu.

Zergatik bideratu duzue dokumentala emakumeen ikuspegitik?

Askotan entzun izan dugu Euskal Herriko baserrietan matriarkatu moduko bat gailentzen zela, eta kontakizun horretan barneratu nahi izan genuen.

Nortzuk izan dira protagonistak?

Lau lekukotasun jaso ditugu. Bi emakume zaharragoak dira, 70 urtetik gorakoak, eta beste bi 30 urte ingurukoak. Haien bizipenak jaso ditugu, eta horretan ardaztu da lana. Protagonistak Beizamakoak [Gipuzkoa] eta Errezilgoak [Gipuzkoa] dira, denak baserritarrak.

Desberdintasun asko antzeman dituzue bi belaunaldien artean?

Bai. Alde batetik, baserrian bizitzeko hautuak arrazoi ezberdinak ditu haien artean. Lehen, emakumeak, gizon bat ezagutu eta harekin ezkondu ondoren, haien baserrira mugitzen ziren, ez zegoen beste aukerarik. Gaur egun, aldiz, baserrian bizi diren emakumeek hori bera aukeratzeko ahalmena dute.