Txuleta izango da erabateko protagonista asteburu honetan

Mireia Galarza Bastida eta Andrea Zipitria 2024ko mar. 15a, 11:00
Pasa den urteko Txuleta Festa Bandera lehiaketan, elkarte bateko kide bat. (Aritz Mutiozabal)

Lege Zaharren Enparantzatik Munoa plazara kalejiran emango diote hasiera gaur Zarautz Arraun Elkarteak antolatutako ekimen gastronomikoaren bigarren edizioari. 

Bigarren urtez jarraian, Txuleta Festa antolatu du Zarautz Arraun Elkarteak; gaur arratsaldea hasi eta asteburu osoan zehar luzatuko da. Iaz antolatu zuten lehendabizikoz, arraun elkartearen 40. urteurrenaren bueltan, eta edukitako "harrera ona" ikusita, aurten berriro txuletaren inguruko festa antolatzea erabaki dute. Zarautz Arraun Elkarteko presidente Jon Artolak, zehaztu duenez, helburu bikoitza izango du ekimenak. Alde batetik, "diru iturri" bat lortzea klubak dituen beharrei aurre egiteko. Bestetik, "ikusgarritasuna" eman nahi dio elkarteari. "Zarautzen ez gaituzte ikusten entrenatzen, gure egoitza Aian baitaukagu. Horrek eragina du klubaren egunerokotasunean, eta halako ospakizunak oso ondo datorkizkigu jendearen aurrean presentzia izateko", gaineratu du Artolak.

Festaren kokalekua Munoa plazan izango da. ZAEko presidenteak azaldu duenez, "500 pertsona" hartzeko lekua izango du, eta Maestro Parrillero lehiaketa eta Txuleta Festa Bandera izango dira ekitaldiko hitzordurik garratzitsuenak. Dena dela, lehiaketak alde batera utzita, txuleta dastatzeko aukera izango dute "nahi duten guztiek". 

Maestro Parrillero lehiaketabihar jokatuko dute. Bertan parte hartuko dute estatutik eta Portugaldik iritsitako 42 parrillero onenek, eta nor edo nor ibiliko dira egun osoan zehar. Parrilleroak ez ezik, irabazlea erabakiko duen epaimahaia ere ez da nolanahikoa izango, eta bat edo besteren izenak aurreratu du Artolak: Casa Julian jatetxeko Matias Gorrotxategi, Aitor Arregi Elkano jatetxetik, Gorka Otxoa aktorea, Xabi Prieto futbolari ohia, Aritz Aranburu surflaria eta hainbat influencer.

Txuleta Festa Bandera igandean jokatuko dute. Herriko hamabost elkarte gastronomikok hartuko dute parte, eta parrillan eta ergometroan ondoen moldatzen den taldeak eramango du trapu preziatua elkartera. 

Honakoa da egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 18:30. Erraldoiak Lege Zaharren Enparantzan eta Munoan.
  • 19:30. Karparen irekiera. Zuzeneko euskal musika eskainiko dute Arrai Zopa taldeko kideek eta trikitilariek.

Bihar, larunbata

  • 10:00. Irekiera eta Maestro Parrillero lehiaketaren aurkezpena.
  • 11:00. Finalaurrekoa: iparraldea eta ekialdea.
  • 13:30. Lehen sektoreari omenaldia eta sari banaketa.
  • 16:00. Finalaurrekoa: erdialdea eta hegoaldea.
  • 18:30. Herri kirolak eta sari banaketa.
  • 19:30. Lehiaketako final handia.
  • 20:30. Sari banaketa.
  • 23:30 arte. Sukaldea eta barra irekita. Txartelak salgai egongo dira txartel lehiatilan.

Etzi, igandea

  • 11:00. Txuleta Festa Bandera lehiaketaren hasiera.
  • 13:30. Sari banaketa.
  • 18:00. Festaren amaiera eta itxiera.