Aparretan dator Zarauzko Oktoberfesta

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 17a, 09:00
Nerea Uraldek irabazi du beste behin Garagardo Azokako kartel lehiaketa. Juan Sorreluz jokalaria ondoan (ZRT)

Zarautz Rugby Taldeak antolatuta, martxoaren 27tik apirilaren 1era izango da 22. Garagardo Azoka Munoa plazako karpan. Oro har, 12:30etik 01:00era egongo da irekita, eta zuzeneko musikaz gain, herri bazkaria eta mus txapelketa ere antolatu dituzte.

Zarauzko Garagardo Azoka Aste Santuko hitzordu klasikoa da. Udaberriko Oktoberfest partikularra, alegia. Zarautz Rugby Taldeak antolatuta, aurten hogeita bigarren urtez eutsiko diote Munoa plazan sortzen den giroari, eta bertaratzen den orok ederki jan eta edateko aukera izango du, zuzeneko musikarekin, martxoaren 27tik apirilaren 1era.

Garagardo aukera zabala izango da aurtengoan ere, Europa guztiko zaporeak dastatu ahal izango dira bi prezio ezberdinetan (arrunta eta berezia). Janariari dagokionez, ukondoak eta oilaskoak izango dira protagonistak. Sukaldeak bezalaxe, barra zerbitzuak ere ordutegi jarraitua izango du. Martxoaren 27an, asteazkenean, 19:00etan irekiko dituzte ateak eta goizaldeko 01:00ak arte egongo dira zabalik. Ostegunean, ostiralean, larunbatean eta igandean, berriz, 12:30etik 01:00etara. Apirilaren 1ean aldiz, iluntzeko 20:00etan itxiko dute.

Zarauzko Garagardo Azokaren barruan, gainera, hainbat ekintza antolatuko dituzte: martxoaren 29an, mus txapelketa jokatu dute; martxoaren 30ean, herri bazkaria antolatu dute, eta pertsonako 22 euro balio du menuak; eta gauero kontzertuak izango dira. Fan&Go, Slow Times Blues Band, Andoni Oilokiegi eta Bada Giro.

Aurtengo edizioa ilustratzeko ere kartel lehiaketa antolatu dute, eta Nerea Uralde Arrondo andoaindarrak irabazi du hirugarren urtez. Juan Sorreluz jokalariaren eskutik jaso zuen saria ilustratzaileak.

Gaur gaurkoz, "Garagardo Azokari esker bizirauten" du Zarauzko Rugby Tadeak, eta hori horrela dela jakinda gerturatzen zaie jendea laguntzera ekitaldia martxan dagoen bitartean. Guztira, 300 lan txanda baino gehiago egiten baitituzte. "Era batera edo bestera errugbi taldearen familiarekin lotura duten pertsonek, beraien onena emango dute azokak irauten duen bost egunetan. Hau dena esanda, mundu guztiari gonbita egitea besterik ez da falta. Besoak zabalik hartuko zaituztegu".