23. Korrika

Gaztetxoen urrats harroak ozen entzun dira

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 15a, 18:00

Korrika Txikia egin dute gaur arratsaldean herriko lau ikastetxeetako ikasleen parte hartze zabalarekin. Herrian barna ibilbidea egin dute, zentro bakoitzak besteari lekukoa emanez.

Euskara lau haizetara goratuz, eta Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz, igaro da Korrika Txikiko herriko kaleetatik. Herriko ikastetxeetako –Antoniano, Ikastola, Orokieta eta La Salleko, hurrenez hurren– ikasleek eskurik esku eraman dute herri harro baten lekukoa Lege Zaharren Enparantzaraino.

Belaunaldi berriak euskararekiko erabateko konpromisoa erakutsi dute, baita gurasoek eta irakasleek ere, eskuz landutako eta margotutako petoek. Gaur ez da izan nekerik, ezta aitzakiarik ere. Aski motibo badaudelako, "gu ere, euskararen alde!" oihukatzeko. Gainera, asteartetik asteazkenerako gauean, haur  eta gaztetxo askok ezin izango dute Korrikarekin bat egin, eta arratsaldean izan dute haien urratsak egiteko aukera paregabea. Harro sentitzeko aukera.