Azahara Dominguez foru diputatua kostako alkate eta turismo ordezkariekin bildu da

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 16a, 09:30
Dominguez, Aiako, Getariako, Orioko eta Zumaiako alkateekin, udal elkarteko lehendakariarekin eta Zarauzko Turismo zinegotziarekin, Getarian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eskualdean izan da aste honetan, ezagutzeko "zer erakargarritasun turistiko dituen eskualdeak eta haien inguruan zer behar dauden ezagutzeko". Bost herriak bisitatu ditu udal ordezkariekin, Getariatik abiatuta.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak "eskualde bakoitzeko indarguneak eta beharrak" ezagutu nahi ditu, eta "bertako eragileekin harreman zuzena eta etengabea izan". Dominguezentzat, "horrela bakarrik ulertuko ditugu turismo sektoreak lurralde osoan dituen beharrak". Horregatik, eskualdez eskualde hango alkate eta eragileekin bilerak egiten ari da, eta aste honetan Urola Kostako kostaldeko bost herrietako alkateekin –edo alkateordeekin– bildu da, baita hainbat turismo ordezkarirekin ere.

Dominguezek bertatik bertara ezagutu nahi izan du eskualdean dauden beharrak, eta topaketan hainbat gai jorratu dituztela azaldu du, besteak beste "turismo jardueraren jasangarritasuna, kultura eta tokiko tradizioa". Eskualde guztietako ordezkariekin bildu ondoren, lurraldea bere osotasunean kontuan hartuta jarraitu nahi du turismoaren arloa lantzen.

Bost herrietan

Dominguezekin Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Anuska Esnal Orioko alkatea izan dira, baita beste hainbat ordezkari ere, besteak beste Ion Arozena Urola Kostako Mankomunitateko presidentea eta Leire Arana Zarauzko Turismo zinegotzia.  Esther Facchin Zarauzko turismo teknikaria, Esti Lizarreta Aiako turismo arduraduna, Marivi Aranguren Getariako turismo teknikaria, Adrian Garcia Orioko turismo teknikaria eta Elena Eizaguirre eta Iratxe Julio Urola Kostako Mankomunitateko ordezkariak ere izan dira bileran.

Herriz herri bisita ere egin dute: Getariako Juan Sebastian Elkanoren monumentuan hasi dute bisita, eta bertatik abiatu dira, kale nagusitik, Zarautz Jauregirantz. Bertan, herriko turismo bulego berria hartuko duten instalazioak ezagutu dituzte, baita Elkanori eskainitako gunea ere. Handik, taldea Zarautzera joan da, eta Santa Barbara auzoko dorreak eskaintzen dituen ikuspegi panoramikoez gozatu du. Ondoren, merkatua bisitatu dute. Zarautz utzi ondoren, Aiara joan dira, eta, bertan, alde zaharra ezagutu dute. Ondoren, Ardi Jolasa izeneko jolas pedagogiko originala ikusteko aukera izan dute. Azkenik, San Esteban parrokiako kanpandorrea bisitatu dute.

Eskualdeko bisitaldia amaitzeko, taldea Oriora joan da eta bertan Mutiozabal ontziola ezagutzeko aukera izan dute. Diputatuak eskerrak eman dizkie bisita ahalbidetu duten pertsona eta toki entitateei, Gipuzkoako turismoaren alde erakutsitako arretagatik eta jarrera onagatik.