Pasa den asteburuko eraso homofoboa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute Zarautzen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 16a, 10:11

Zarauzko Morroxkak taldeak, Bilgune Feministak eta Ehgam elkarteak "erasoa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi" diote erasotuari, eta Zarauzko Zona gunea eurentzat parrandarako gune segurua ez dela ere salatu dute.

Pasa den larunbatean izandako eraso homofoboa gaitzesteko elkarretaratzea izan zen atzo Zarautzen. Zarauzko Morroxkak taldeak, Bilgune Feministak eta Ehgam elkarteak deitu zuten mobilizazioa, eta ehunka norbanako eta udal ordezkariak bildu ziren Zarauzko udaletxe aurreko plazan. Mugimendu feministako eta LGTBIQ kolektiboko kideek "erasoa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi" zioten erasotuari, eta argi adierazi zuten halako gertakarien aurrean "haserre eta amorratuta" daudela.

Dena dela, pasa den asteburuan Zarautzen izandakoa ez dela gertakari isolatua ez zela ere azpimarratu zuten. "Sistema zisheteropatriarkalean bizi gara. Ondorioz,  gizartea gizon eta emakumeak produzitu eta banatzea oinarritzen da, eta banaketa horretan gizonek emakumeak zapaltzen dituzte estrukturalki", adierazi zuten testuingurua azalduz. Zarautzen dikotomia horri aurre egiten dihardutenak ere asko direla ere nabarmendu zuten, "gizontasunari eta emakumetasunari alternatibak planteatzen dizkiegun genero disidenteak. Baina, noski, biolentzia pairatzen dugu sistemari aurka egite hutsagatik eremu askotan: familian, kalean, lagun artean... eta baita Zona gunean parrandan ere, zoritxarrez ez da guretzat espazio eroso eta segurua".

Hitzartzean Mugimendu feministako eta LGTBIQ kolektiboko kideek Zona gunean jasaten duten gaitzespena salatu zuten hainbat adibide emanez: "Nazka aurpegiz begiratzen digute ligatzen badugu. Zona ez da guratzeko parrandarako gune segurua hautatzera behartzen gaituzten bi komunetara gure disforia guztiarekin sartu ondoren, segurata batek bota gaitzakeelako; musika heterosexuala jartzen dutelako; gizonak lasaiegi egon zaitezketelako eta pila bat zaretelako; gure erasotzailea baino lehenago kanporatzen gaituztelako tabernatik; ez dutelako ezer egiten erasoen aurrean. Zona ez da parrandarako espazio segurua han gure erasotzaileak eta beren lagunak mozkortzen zaretelako, eta gu badaezpada ez garelako gehiegi mozkortzen".

Mugimendu feministako eta LGTBIQ kolektiboko kideek uste dute zenbaiti euren presentziak "molestatu" egiten diela. "Akaso izan daiteke botere posiziotik mugitu nahi ditugulako eta zalantzan jarri beharreko egiturak azaleratzen ditugulako". Jakin badakite heteroarauari eusten zaion artean "gizon zisheterosexualek jarraituko dutela nahi duten hori izaten, nahi duten lekutik bizitzen, eta badakigu horrek emakume eta genero disidenteok arriskuan jarriko gaituela uneoro". Dena dela, horren aurrean antolatuta daudela eta horrelakorik berriz gerta ez dadin "borrokan jarraituko" dutela argi adierazi zuten. "Erasoen aurrean antolakuntza transfeminista eta trasnsmaribolloa! Heroarauari su!" aldarrikatu zuten hitzartzearen amaieran.