Gazteak eta sakelako telefonoaren erabileraz hausnartzeko ekitaldia antolatu dute asteazkenerako Modelo aretoan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 17a, 12:00
Nerabean sakelako telefonoarekin. (Pixabay)

Zarauzko ikastetxeetako guraso elkarteek antolatu dute ekimena Zarauzko Udalaren laguntzarekin, eta herri mailan egiten ari diren lanketa aurkeztuko dute. Ekitaldiaren muina Telmo Lazkanori Miren Rosek egingo dion elkarrizketa izango da.

Zarauzko ikastetxeetako guraso elkarteek Gazteak eta mugikorrak gaiaren inguruko lanketa bateratua abiatu dute. Orain arte ikastetxe bakoitzak izan du gai hori jorratzeko taldea, baina guztiak norabide berean lanean ari zirela ikusita, herri milako ekimena abiatu dute, gaia herrian kokatzeko eta sarea egiteko, argi dutelako "Zarauzko gazteek harremanak dituztela ikastetxe desberdinetan ikasten duten lagunekin". Hala, Gazteak eta Mugikorra izeneko jardunaldia antolatu dute gailu horrek harremanetan eta gazteen garapen pertsonalean duen eraginaren inguruan hausnarketa egiteko. Martxoaren 20an, asteazkenarekin, izango da ekitaldia, 18:00etan hasita Modelo aretoan.
 
Ekitaldia Zarauzko Udaleko Hezkuntza saileko arduradun Arantxa Aldalurrek irekiko du, eta Asier Urzelairen bakarrizketa izango da jarraian Konektatu Egiak izenburupean. Ondoren, ikastetxe guztietako ordezkarien izenean herri mailako lan taldeko kide batek hartuko du hitza, eta ekitaldiaren muina Telmo Lazkanori Miren Rosek egingo dion elkarrizketa izango da, Mugikorrak: Ezina, ekinez egina gaiaren bueltan. Lazkanok Nerabeen garrasia liburuko hainbat kontu eta ikasleekin landu duen No phone challenge proiektuari buruz hitz egingo du jendaurrean. Adituaren hitzartzea bukatutakoan, iritzi trukerako tartea ere zabalduko dute.
 
Antolatzaileek jakinarazi dute edozein adinetako seme-alabak dituzten gurasoak, ikastetxeetako irakasleak eta LH5etik gorako ikasleak daudela saiora gonbidatuta; euskaraz ez dakitenentzat xuxurlari zerbitzua ere izango da.