'EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez' erakusketa zabalduko dute bihar

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 18a, 16:15
'EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez' erakusketaren argazkietako bat.

Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenaren harira, Euskal Abertzaletasunaren Museoak prestatutako mostra Merkatu Plazako lehen solairuan izango da apirilaren 7ra arte.

Emakume Abertzale Batzaren inguruko EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez erakusketa zabalduko dute bihar Merkatu Plazako lehen solairuko espazioan, 18:00etan egingo duten irekiera ekitaldiarekin batera. Jarraian, bi astez bisitatzeko parada izango da, apirilaren 7ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoaren ekimenez antolatutako erakusketa da honakoa, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren mendeurrena duela bi urte izan zela aintzat hartuta. "Duela 100 urte, gizarte-eredu berria proposatu eta ekimen nahiz jarduera ugari bultzatu zituzten emakumeek Euskadiren alde egindakoak eta bizi izandako esperientziak" ikustaraztea du ardatz erakusketak.

Hogeita lau panelek osatzen dute mostra, eta panel horiek gaikako sei multzo handitan egongo dira banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasoko dituzte. Erakusketaren ibilbidearen amaieran, emakume historiko haietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideoa ere ikus ahal izango da.