Jaio aurreko eta berritako doluaz jarduteko saioak egingo dituzte

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 19a, 11:00
Irune Urbieta, Maria Jesus Jimenez, Gloria Vazquez eta Irati Maruja, Emakumeen Etxean. (Aritz Mutiozabal)

Berdintasun sailak "tabua" hautsi eta dolua pairatzen duten familiak lagundu nahi ditu. Solasaldia antolatu dute biharko Emakumeen Etxean, Esku Hutsikekoekin.

Haurdunaldian, erditzean eta jaio berritan hildako haurrengatiko dolua azaleratzeko eta ikusarazteko premia ikusirik, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak mahai ingurua eta familiei laguntza emateko saioak antolatu ditu. Gaia oraindik ere "tabua" dela aditzera eman du Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek: "Gure gizartean ez da horri buruz hitz egiten, baina jakin badakigu pertsona askok pairatzen duela isilean eta min handia sorrarazten duela familian. Beraz, isiltasun hori hautsi eta lagundu egin nahi diegu".

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, heriotza perinatala zera da: haurdunaldiko 22. astetik aurrerako edo 500 gramoko edo gehiagoko fetu pisua dutenetik jaio eta zazpi egunera bitarteko haurren heriotza. Jaio berritako heriotza, berriz, bizitzako lehen 28 egunetan hiltzen diren haurrei dagokiena da. Kalkuluen arabera, halako 2.500 kasu inguru izaten dira urtean.


"Gertaera hutsaldu"

"Dolu horren inguruan hausnartu nahi dugu", zehaztu du Vazquezek. "Seme-alabak egun gutxiren buruan edo jaio aurretik galtzeaz ari gara. Bakardadeak eta ulertezintasun sozialak handitu egiten du min eta hutsune izugarri hori. Bien bitartean, gizarteak gertaera hutsaldu eta minimizatzeko joera dauka, bereziki haurdunaldian eta erditzean gertatzen diren heriotzak direnean", gaineratu du zinegotziak. 

Edurne Urbieta Berdintasun teknikariak nabarmendu duenez, "askotan tapatu" egiten dira heriotza horiek , eta "badirudi seme-alaba horiek ez direla existitzen". Urbietaren esanetan, orain legez erregistratu daitezke, baina "oraindik ez haurrak bezala". Hala ere, "ume hori hor dago eta bere lekua eman behar zaio", gaineratu du.

Hori dela eta, Berdintasun sailak hainbat ekintza jarri ditu abian, eta lehena bihar egingo dute. Esku Hutsik elkartearen eskutik, mahai ingurua izango da, 18:00etan hasita, Emakumeen Etxean. Bertan, aipatu elkarteko sei kide ariko dira solasean, dolu mota horri buruzko ezagutza zabaltzeko.

Horrekin batera, argazki erakusketa prestatu du Esku Hutsik elkarteak, eta Emakumeen Etxearen sarreran dago ikusgai. Doluaren prozesua zuri-beltzeko irudietan paratu dute, hainbat gurasoren lekukotza jasotzen duten esaldiekin.


Laguntza saioak

Udaberrira begira, Latidos psikologia zentroak lau saio egingo ditu, jaio aurreko eta berritako haurren heriotzagatiko dolua lantzeko laguntza talde gisa. Maria Jesus Jimenez psikologoak gidatuko du taldea, eta apirilaren 16an eta 30ean eta maiatzaren 14an eta 28an izango dira saioak.

Lehenik eta behin, psikologoak eskerrak eman dizkie antolatzaileei gaiari "ikusgarritasuna" emateagatik. Halaber, argi utzi du bere tailerra ez dagoela emakumeei soilik bideratuta, gizonezkoak ere gonbidatuta daudela. "Espazio irekia da, eta aitak ere ongietorriak dira. Gertaera horietan emakumeak dira foku nagusiak, baina gizonek ere sufritzen dute", zehaztu du.


Umeen heriotza "dolu desautorizatua" dela gizartean azpimarratu du Jimenezek. Halakoetan, gainera, umea hiltzeaz gain, "ilusio, emozio eta etorkizuneko plan asko ere hiltzen dira", eta "min hori arintzeko laguntza" eskainiko du hark.

Haren hitzetan, maiz ingurukoek edo gertukoek "lasai, beste bat izango duzu» bezalako esaldiak erabiltzen dituzte, eta «lagundu nahi horretan, kontrakoa» lortzen dute. Jimenezek zera dio: "Ez diozu gauza bera esango aita, ama edo gertuko bat hil zaion norbaiti, ezta?". Heriotza horiek bizitza bat ospatu behar denean gertatzen direla zehaztu du Berdintasun zinegotziak: "Sortzen duen mina erraz ulertzen da pixka bat pentsatzen jartzen bagara".

Saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako Berdintasun sailarekin harremanetan jarri behar da, Emakumeen Etxean bertan (Nafarroa kalea 3C, behea), berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 17 telefono zenbakira deituta.

Berdintasun sailak eskerrak eman dizkie saioetan parte hartuko duten pertsona adituei, seme-alaben heriotza jasan duten emakumeei eta hutsunea gainditzen laguntzeko bezain eskuzabalak izango diren hainbat emakumeri eta gizoni, "esperientzia partekatzeagatik".