"Gizarte bezala, guztioi eragiten digu gazteen eta sakelakoen gaiak"

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 20a, 11:12
Telmo Lazkano. (Juan Luis Romatet)

Herriko ikastetxeetako gurasoen elkarteek bat egin eta lankidetza abiatu dute, sakelako telefonoen inguruan hausnatzeko. Jardunaldi irekia antolatu dute gaur arratsalderako.

Zarauzko ikastetxeetako guraso elkarteek bat egin eta gazteen eta sakelako telefonoen inguruko lanketa bateratua abiatu dute. Horren harira, Zarauzko Udalaren laguntzarekin, Gazteak eta Mugikorra izeneko jardunaldi berezia antolatu dute gaur arratsalderako; ekitaldia Modelo aretoan izango da, 18:00etan.

Orain arte ikastetxe bakoitzeko taldeek beren kabuz lantzen zuten gaia, eta "modu naturalean" sortu zen ikastetxe guztietako guraso elkarteek bat egin eta norabide berean lanean hastea. "Egia da hasieran ikastetxeetan sortu zela kezka. Eskuko telefonoak ahalik eta beranduen emateko kontu honetan bi lanketa egin izan ditugu: batetik, kontzientziazioa, eta bestetik, itunak", adierazi du Zarauzko ikastetxeetako guraso elkarteko kide Ainhoa Agirreazaldegik. Itunei dagokienean, gainera, "gurasoei galdetu zaienean zergatik eman dieten smartphonea seme-alabei, bakarrik senti ez daitezen izan da haien erantzuna", gaineratu du Agirreazaldegik.

Sinergiak sortu

Hasiera batean, ikastetxe barruan antolatzea pentsatu zuten, baina ikastetxe guztietan gaia jorratzeko lantaldeak martxan egonik, egokia iruditu zaitzaien sinergiak sortzea. "Ez baita ikastetxe jakin bateko edo gure inguruko gazteen kontua bakarrik. Gizarte bezala, guztioi eragiten digun kontua da. Horregatik zabaldu dugu lanketa herri mailara, eta denok elkarrekin ari gara harremanetan". Azken finean, gaiak bere baitan hartzen ditu familiak, ikastetxeak, eskolaz kanpoko kirol eta kultur ekintzak eta bestelakoak. "Denean eragiten du, eta gure gazteek hainbait gazterekin dute harremana", azpimarratu du Agirreazaldegik.
Zarauzko ikastetxeetako guraso elkarteen lankidetza "hasierako fasean" dago une honetan:  elkarri kontatzen ari dira bakoitzak zer ibilbide jorratu duen, hain justu ere. "Herriko kontzientziazio egitasmo bat egin nahi genuen, elkar saretzeko balioko zuena, eta, halaber, gazteek ere ikus zezaten ez dela haien inguruko zerbait bakarrik. Bide batez, herrira zabaldu nahi genuen, herriko beste eragile batzuek kontuan har zezaten", azaldu du elkarteko kideak. Beraz, "saretzen" eta "gogoeta egiten" ari dira, aurrera begira zer egin dezaketen erabakitzeko.

Lehenetsi dituzten helburuen artean, bi aipatu ditu: batetik, gazteek jasotzen dituzten mezu pornografikoen inguruan lanketa egitea, eta bestetik, 16 urtetik beherakoek sakelako telefonoa eskoletan erabiltzeko lege proposamena; herrialde eta Espainiako erkidego askotan onartuta dago, baina Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe bakoitzaren esku utzi du gaia nola arautu.

Kontzientziatzeko

Gaurko jardunaldiaren helburu nagusia da jendea kontzientziatzea, sakelako telefonoak harremanetan eta gazteen garapen pertsonalean duen eraginaren inguruan hausnarketa egiteko.  Ekitaldia Zarauzko Udaleko Hezkuntza saileko arduradun Arantxa Aldalurrek irekiko du, eta umorez ekingo diote, Asier Urzelairen Konektatu egiak bakarrizketarekin. 

Ondoren, ikastetxe guztietako ordezkariek hartuko dute hitza, eta "ekimenaren hazia Zarautzen hasi zela eta jarraian Euskal Herri osora nola zabaldu den" kontatuko dute. Era berean, azalduko dute zergatik erabaki duten guraso elkarteek bat egitea. Azkenik, ekitaldiaren muina Miren Rosek Telmo Lazkanori egingo dion elkarrizketa izango da, Mugikorrak: Ezina, ekinez egina gaiaren bueltan. Lazkanok Nerabeen garrasia liburuko hainbat kontu eta ikasleekin landu duen No phone challenge proiektuari buruz hitz egingo du. "Egoeraren hainbat argazki erakutsiko ditu". Bukatutakoan, iritzi trukerako tartea zabalduko dute.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekitaldian gazteak, familiak, hezkuntzako eragileak eta gizarte eragileak bildu nahi dituzte.