Aberriaren emakumeei omen

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 21a, 09:15

Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenaren harira, Euskal Abertzaletasunaren Museoak prestatutako erakusketa ireki berri dute Merkatu Plazako lehen solairuan.

Emakume Abertzale Batzari buruzko Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte erakusketa inauguratu zuten astearte arratsaldean, Merkatu Plazako lehen solairuko espazioan. Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoaren ekimenez duela pare bat urte sortutako mostra da, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren mendeurrenaren harira.

Euskal Herriaren historian "abertzaletasunaren alde musu truk eta eskuzabaltasunez" lan egin duen jende asko dagoela esanez ekin zion irekierari Xabier Txurruka alkateak. "Zabaltzen dugun erakusketa honekin aberriaren eta feminismoaren alde lan egin zuen Emakume Abertzale Batzari omenaldia eta aitorpena egin nahi diogu", zehaztu zuen argi eta garbi. 

Duela ehun urte inguru emakume talde bat, "aberriaren inguruko zabalkundea" oinarri hartuta, hezkuntza eta elkartasun zerbitzuak zein gizarte laguntza eskaintzen hasi zirela azpimarratu zuen Txurrukak: "Mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak euskaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen ondorengo emakumeen belaunaldietan". 

Zentzu horretan, Emakume Abertzale Batzak egindako lanari ikusgarritasuna eman nahi diote, "gaur egungo eta etorkizuneko gizarteak ikus dezan aberriaren alde aritu ziren emakume ausartak eta eredugarriak izan zirela", borobildu zuen hitzartzea alkateak.


28.000 emakume

Sabino Arana Fundazioko presidente Mireia Zaratek ez zuen galdu nahi izan ekitaldia, eta Zarauzko Udalari biziki eskertu zion erakusketa herrira ekarri izana. Datu nabarmen bat aipatuz ekin zion aurkezpenari: "Duela ehun urte 28.000 emakume izatera iritsi ziren Emakume Abertzale Batzan, eta hainbat lanetan aritu ziren: irakasle, erizain eta abar. Sabino Arana Fundazioaren helburua da erakusketa honekin emakume haiek ezagutzera ematea eta haien lana aitortzea nahiz eskertzea". Era berean, hitzartzea baliatu zuen iragartzeko fundazioak aipatutako emakume abertzaleen liburua argitaratu duela eta bere webgunean dagoela eskuragarri.

EHUko Garaian taldeko historialari Karmele Perezek, Begoña Bilbaok eta Gurutze Ezkurdiak idatzi dute Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte lana, eta aurkezpen ekitaldian presente izan ziren haiek. Izan ere, hirukoak hartu du erakusketaren komisario ardura. Hori horrela, Txurrukaren eta Zarateren irekierako hitzartzeen ondoren, Bilbaok bisita gidatua eskaini zieten bertaratu ziren guztiei.

Mostra 24 panelek osatzen dute, eta panel horiek gaikako sei multzo handitan egongo dira banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasoko dituzte, baita hainbat objektu ere: kapelu bat, gutunak, intsigniak... Erakusketaren ibilbidearen amaieran, emakume historiko haietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideoa ere ikusi ahal izango da.

Erakusketa jada zabalik dago, eta bi astez bisitatzeko parada izango da, apirilaren 7ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.