Gaur botako dute 'Bizkarsoro' filma Modelon

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 21a, 13:00
'Bizkarsoro' filma.

Modelo aretoan izango da emanaldia, 19:00etan hasita. Bertan, "euskararen eta euskaldunen kontrako zapalkuntzaren" historia kontatu nahi izan dute sortzaileek, Ipar Euskal Herrian kokatuta dagoen fikziozko herri batean, XX. mende hasieran. Ondoren solasaldia izango da.

Zirika euskara taldeak sustatuta, eta Uemak, Gasti Beltzak eta Zarauzko Udalak lagunduta, Bizkarsoro filma botako dute gaur Modelon, 19:00etan hasita. Korrika kulturalaren barruan kokatzen da proiekzioa, eta sarrera doan izango da, edukiera bete arte. 

Filmak "euskararen eta euskaldunen kontrako zapalkuntzaren" historia kontatzen du, Ipar Euskal Herrian kokatuta dagoen fikziozko herri batean, XX. mende hasieran. Pertsonaiak eta elkarrizketak asmatuak izan arren, kontatzen diren istorioak benetan gertatutakoak dira, eta bertan Baigorriko herritarrek parte hartu dute. 

Orain arteko ibilbidean emozio ugari eragin ditu filmak, eta hori dute helburu egileek: euskararen egoeraren inguruko eztabaida eta gogoeta sozial bat piztea. Horretarako abagunea izango da filma amaitu ostean, Izaskun Urkijo arte zuzendariarekin batera solasaldia izango baita areto berean.