23. Korrika

Harro, herri, krak

Nerea Loiola - Berria 2024ko mar. 22a, 13:00
23. Korrika Zarauztik igarotzen (AEK-Korrika)

Ondorengo iritzi artikulua idatzi zuen atzokoan Nerea Loiola idazleak Berria egunkariko Larrepetit atalean, bihar amaituko den 23. Korrikaren harira ezin hobe ekarrita dagoena.

Anaia zaharragoek diotelako dakizu goiz dela afaltzeko, bost urteko zure burutxoak denbora desberdin erabiltzen du oraindik. Txoropitokeriatan hasi zarenean, goiz oheratu behar dugula gogorarazi dizut. Gauean Korrikara joango garelako; badakit, amatxo; hasperen bihurria egin eta begiak txilotu dituzu, baina zure ninien hara-hona lasterrak lehen aldien urduritasuna salatzen du.

Zu esnatzea kosta zaigun arren, bizi-bizi zaude orain; Harro herri kantatzen hasi zara kalea zapaldu orduko. Aurrea hartu diguzu, peto erraldoia jantzita, ibileraren eta dantzaren arteko mugan dauden salto txiki artean. Musika entzun dugu, argiak ikusi. Aurretik hasi nahi duzu korrika, ezinegonak gain hartu dizu, datorrenak adarrak izango balitu bezala kasik. Eta zugana makurtu naiz, ez nuen uste zure begi beltz handiak are ederragoak izan zitezkeenik gauez.

Eskutik helduta goaz, leloei ozen erantzunez, erritmo biziari eutsi nahian. Burua altxatu duzun unean egin dit zerbaitek krak, zure irribarre zabalari berdin erantzuten saiatu naizenean, zure festak herrestan kezkarik ez daramala ulertzean. Eskoletan egiten ditudan literatur solasaldiekin oroitu naiz, D ereduan ikasita ere euskaraz esaldi oso bat esateko gai ez diren ehundaka haurrekin, nire semeak lagunekin euskaraz mintzo direla entzutean begiak-talo jartzen dituztenekin, euskaraz bizitzea aukeratzat ez dutenekin.

Zeren eta zu, txiki, burbuila batean bizi zara. Uste duzu Patrulla Canina euskaraz ez egotea kasualitatea dela, uste duzu espainola Espainian bezala bizi dela euskalduna Euskal Herrian, ez dagoela mugarik Bidasoan; eta, uste duzu, pelikuletan, eta bizitzan, txintxoek irabazten dutela beti.