23. Korrika

UKTren hedabideek zuzenean emango dute Baionatik 23. Korrikaren amaierako ekitaldia

Erredakzioa 2024ko mar. 23a, 10:00

23. Korrikaren amaierako ekitaldia UKTren tokiko webgune guztietan —Baleiken, Karkaran, Maxixatzenen, Uztarrian, Zarauzko Hitzan eta Urola Kostako Hitzan— eta Erlo Guka Telebistan ikusi ahal izango da bihar, 11:40 ingurutik aurrera.

Bihar, igandea, amaituko da 23. Korrika, Baionan. AEK-k bi urtetik behin antolatu ohi duen euskararen aldeko ekimenak hamar egun egin ditu Euskal Herrian barrena —hilaren 19 amaieratik hilaren 20 goizaldera bitartean igaro zen Urola Kosta eskualdetik—. Korrikaren hasierako ekitaldia bezala, amaierako egunaren nondik norakoak ere zuzenean ikusteko aukera izango da bihar, 11:40 ingurutik aurrera, UKTren tokiko webgune guztietan —Baleiken, Karkaran, Maxixatzenen, Uztarrian, Zarauzko Hitzan eta Urola Kostako Hitzan— eta Erlo Guka Telebistan.

12:30 inguruan iritsiko da Korrikaren lekukoa Baionako herriko etxearen atarira, eta orduan ezagutuko dituzte mezua idatzi duen pertsona eta mezua bera. Horren bueltan, mundu guztiari euskararen aldeko Herri Harro bat badela erakusteko deia egin du AEK-k. Korrikaren azken kilometroak Euskal Herriko hainbat eragilek egingo dituzte, besteak beste, Gure Eskuk, Etxeratek, Sarek eta Bakebideak, Errigorak eta Agerraldiak, alderdi politikoek, sindikatuek, UEMAk nahiz Udalbiltzak, Hekimenek, hezkuntza eragileek, Azterketak euskaraz kolektiboak, Kontseiluak zein Euskal Konfederazioak eta AEK.

Ondorengo lotura hauetan ikus daitezke 23. Korrikak Urola Kostako herrietan eman duena, bai argazkietan bai bideotan.