Gurasotasunean trebatzeko bidelaguntza saioak eskainiko ditu udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 25a, 09:00
Heldu baten eta haur baten eskuak. (Pixabay)

Ikastaro honen helburu nagusia da gurasoei euren haurren garapen prozesuan bizi dituzten kezken eta zailtasunen aurrean bidelaguntza eskaintzea. Ikastaroan izena emateko azken eguna apirilaren 4a izango da. 

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio arloak 2-6 urte bitarteko seme alabak dituzten gurasoei zuzendutako ikastaroa antolatu du, Gurasotasunean trebatzen izenpean.

Ikastaro honen helburu nagusia da gurasoei euren haurren garapen prozesuan bizi dituzten kezken eta zailtasunen aurrean bidelaguntza eskaintzea. Gurasoek haurren garapenari buruzko informazioa jasotzeaz gain egunerokoan haurrekin sortzen diren egoerak lantzeko aukera izango dute. Saioak Julene Armendarizek bideratuko ditu.

Ikastaro honetarako plazak mugatuak izango dira eta lehentasuna izango dute Zarautzen bizi diren pertsonek. Matrikula 10 eurokoa izango da eta ikastaroan onartu ondoren egin beharko da ordainketa. Hain zuzen ere, bi talde osatuko dituzte, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazko taldearen kasuan saioak apirilaren 10ean, 17an, 24an, eta maiatzaren 8an, 15ean eta 22an izango dira, 16:30etik 18:00era. Hemen eman daiteke izena.  Gaztelaniazko taldearen saioak, 18:15ean hasi eta 19:45ean amaituko dituzte, eta horietarako esteka honetan eman beharko dute izena interesa dutenek. Horretarako azken eguna apirilaren 4a izango da.