Beñat Arrutik Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi du

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 22a, 10:00
Beñat Arruti psikologoa atzo Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketako saria jasotzen. (Donostia Kultura)

Arkeologia haragitan deitu duen lanari esker lortu du saria psikologia ikasketak egin dituen gazte zarauztarrak. Balea Zuria argitaletxeak haren sorkuntza kaleratuko du.

Beñat Arruti (Zarautz, 1999) psikologo gazteak Donostia Kulturak antolatutako poesia lehiaketa. Zazpigarren edizioa izan da aurtengoa eta Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi epaimahaikideek nabarmendu dutenez, "oso maila altua" erakutsi dute parte hartzaileek. Hala, zehaztu dute Arrutik aurkeztutako Arkeologia haragitan poemarioa gailendu bada ere, beste bi lan oso gertu izan dituela.

Azkenean, ordea, Arrutiren Arkeologia haragitan lana gailendu da, esan bezala, eta honakoa argudiatu du  epaimahaiak erabakia arrazoitzeko: "Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz"

Adimen urritasuna duten pertsonekin herriko eguneko zentro batean lan egiten duen zarauztarrak atzo jaso zuen mila euroko saria eta Imanol Larrinagaren margolan oroigarria Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute Balea Zuria argitaletxeak aipatutako poemarioa plazaratuko duela eta ekainean egingo duten Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitatuko dituela.