Zarautz 2030eko erronkei erantzuna emateko osatu dute Agintaldi Plan berria

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 23a, 10:30
Zarauzko udal gobernuko kide Jesus Arana eta Gloria Vazquez (Zarauzko Udala)

Zarautz 2030 Plan Estrategikoan zehaztutako gidalerroak izango ditu ardatz EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak ondorengo lau urteetan.

Agintaldi Plana aurkeztu du EAJ eta PSE-EE alderdiek osatzen duten udal gobernuak, eta bertan zehaztu dituzte 2023-2027 agintaldian jarraituko dituzten ildo nagusiak. "Aurreko agintaldi amaieran, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa onartu genuen. Prozesu zabal eta aberats baten ondoren, herritarrek proposatutako helburuetatik, etorkizuneko Zarautz irudikatu genuen", gogora ekarri du EAJko bozeramaile Jesus Aranak. Hala, plan berriak Zarautz 2030eko erronkei erantzuna eman behar diela iritzi dio, "bai ala bai". 

Hori horrela, agintaldian garatuko dituzten proiektu eta egitasmoak Zarautz 2030 Plan Estrategikoan zehaztutako bost lerro estrategikoak izango dituzte oinarri; alegia, etorkizuneko gizarte berdinzale, solidario eta enpatikoa; osasunaren ikuspegi integrala, ongizatearen oinarri; Zarautz herri orekatu eta jasangarria; jasangarritasuna ardatz duen ekonomia eta guztientzako enplegua; eta XXI. mendeko gobernantza eredua.

PSE-EEren udal taldeko bozeramale Gloria Vazquezek azpimarratu du "ezinbestekoa" izan dela "elkarlana eta zeharkako lana" jasangarritasuna ardatz duen Agintaldi Plana osatu ahal izateko. "Garapen jasangarrirako behar-beharrezkoa da desberdintasunekin amaitzea eta aldaketa klimatikoari aurre egitea, eta honek Pentsatu globalki, eta tokian-tokian ekin lelopean zeharkakotasunarekin lan egitea eskatzen du”.

Plan berriak datozen lau urteetako udaol gobernuaren ekintza laburbiltzen du. Aranaren esanetan, gainera, "epe laburrean zein luzean izango ditugun erronkei erantzuna ematen saiatuko diren ekintzak eta proiektuak jasotzen ditu". Jaso dituzten gidalerroen artean, arlo eta lan esparru hainbat daude, besteak beste, eskainitako zerbitzuak indartzea, estrategikoak diren azpiegiturak martxan jartzea, herritarren eta udalaren arteko harremana sendotzea.

"Datozen urteetarako erreferentzia izango den dokumentu honetan ageri diren egitasmo batzuk jada martxan daude eta, beste asko, berehala abiatuko dira”, nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie plana osatzeko orduan lan egin duten udal  teknikari, langile eta ordezkariei: izan ere, "elkarlana da udala gobernu honen eraginkortasunaren ardatzetako bat".