'Azken heriotza' abestia eta bideoklipa argitaratu ditu Anestesiak

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 23a, 14:00

Taldeak udaberrian egingo duen bira laburraren izenburu bera jarri diote kantu berriari. Kontzertuekin hasi aurreko bizigarri bat da zaletuentzat.

Azken lauzpabost urtetan hainbat gorabehera bizi izan ditu Anestesia taldeak, eta ezin izan du aurreikusita zeuzkan kontzertu birak aurrera eraman. Aurten, arrea ala so, indarrak batu eta Azken heriotza izeneko bira labur bat egitea erabaki dute apirila eta ekaina artean; Biarritz, Donostia, Azpeitia, Atarrabia, Bilbo eta Gasteizen, hain zuzen ere.

Bira aurrera doala-eta, taldeak berak ere ilusioz heldu dio proiektuari, eta birari izena ematen dio izenburu bereko abesti berria egin du. Atzo bertan argitaratu zuen, bideoklip eta guzti, zale guztien gozagarri izan dadin.

Mikel Kazalis taldeko buru eta gitarrista da abestiaren egilea, eta, gainera, berak grabatu du Fidelenea estudioan. Horrez gain, bideokliparen ideia eta sortzailea ere Kazalis izan da.