Argazkigintza dokumentala eta kontzeptuala dakar aurtengo Argazki Bilerak

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 25a, 11:15

Lau erakusketa ikusteko parada izango da maiatza bitartean Photomuseumen, Torre Luzean eta Sanz Enea kultur etxean, Zarauzko Argazki eta Zinema Museoaren eskutik.

Dagoeneko argazkizaleen udaberriko hitzordu klasiko bihurtuta, Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak 2024ko Argazki Bilera antolatu du, eta bihar bertan irekiko dituzte ateak aldi berean herriko hainbat erakusketa aretotan, Zarauzko Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin. Aurtengo edizioan argazkigintza dokumentala eta kontzeptuala lantzen direla nabarmendu dute museoko arduradunek.

Rügen izeneko talde erakusketa izango da ikusgai Sanz Enea kultur etxean, eta mostrak Gernikako bonbardaketaren inguruko hausnarketa egiten du. Gasteizko hamar argazkilarik egindako argazki proiektu garaikidea da, David Salcedo argazkilariak tutoretzapean, zuzenduta eta editatuta. Talde lan hau bihartik ikusi ahal izango da, eta maiatzaren 26ra arte iraungo du.

Torre Luzean, berriz, Zarauzkoa Argazkizale Elkarteko kide Marisa Di Santok Zarauzko dendarien argazki saila erakutsiko du, Gertutasuna izenburupean, bihartik maiatzaren 19ra arte. Proiektu horrekin erosleak haien erosketa ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditu, eskura dituzten esperientzia horiek balora ditzaten. Hala, herriko salerosketa gune esanguratsu batzuk jaso nahi izan ditut lan honetan; besteak beste, Martiarena zapategia, Olatxo harategia, Astazubi ileapaindegia eta Inge arropa denda.

Bien bitartean, Photomuseumen bi erakusketa paratuko ditu egitasmoaren barruan. Lehenik, David Hornback-en 3 minutes lana erakutsiko du, bihartik apirilaren 28a biartean. Galdutako mundu bat berreskuratzen saiatzen da argazkilaria: argazki bat ateratzen den unetik amaieraren artean ezkutatutako denbora tartea harrapatzen, alegia. Proiektuaren jatorria Berlinen 2000. urtean egindako autoerretratu batzuk dira.

Ondoren, bigarren mostra jasoko dute, apirilaren 30etik maiatzaren 26ra, eta, orduan, Euskaldunak Australian erakusketa aurkeztuko dute.