Ekintzaileen erakusleihoa, askotarikoa bezain bizia

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 24a, 10:00

Ekintzaile Gazteen Azoka egin zuten atzo Munoan, eta 16 eta 35 urte bitarteko herriko hainbat ekintzailek eta sortzailek hartu zuen parte. Ekitaldiak ere izan ziren egitasmoa girotzeko.

Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak antolatuta, Ekintzaile Gazteen Azoka egin zuten atzo arratsaldean Munoa plazan atondutako karpan. Herriko zein eskualdeko hainbat gazte ekintzailek eta sortzailek aukera baliatu zuten haien lanak eta proposamenak jendaurrean aurkezteko. Askotariko eskaintza plazaratu zuten 16 eta 35 urte bitartekoek, askotarikoa eta bizia: moda alorreko arropa diseinuak, bitxiak, ilustrazio sormenak, joskintza tradizionala oinarri duten materialak, kontserba produktuak... Fanzine tailerra ere izan zen, eta Monte Albertiako ikasleek ile apaintzaile eta makilatzaile gisa ikasitakoak erakutsi zituzten.

Horrez gain, hainbat ekitaldi ere antolatu zituzten iluntzera bitartean: herri kirolen erakustaldia, ZKEko Herri Kirol ataleko kideen eskutik; Bongo taldearen emanaldia; eta, azkenik, azokara aurkeztutako gauzen desfilea. Jende dezente bertaratu zen ekintzaile gazteen proposamenak ezagutzera, eta egitasmoaren baitan antolatutako ekitaldiez gozatzera.