Munoa hasi da eguerditik dantzan

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 24a, 15:30

BZ Dance Studioko ikasleek eskaini dute eguerdian emanaldia, eta Munoa plazako karpa erabat bete da. Arratsaldean, Marisa eta Yoana Merino Dantza Eskolaren txanda izango da.

Ohi bezala, Munoa Dantzan jaialdia antolatu dute aurten ere Aste Santuen bezperan. Egitasmoan gaur egiten ari dira, herriko bi dantza eskolen parte hartzearekin. Eguerdian, BZ Dance Studioko ikasleak aritu dira oholtza gainean, ikasitakoa familiakoen, lagunen eta, oro har, herritarren aurrean erakusten.

Ikuskizuna 12:30ean hasi da, baina ordu erdi lehenagorako, jada, ilara luzea sortu da Munoa plazatik kebabeko establezimenduraino. Azkenean, plazako karpa erabat bete da, eta jendeak kanpoan geratu behar izan du.

Ikusmin handia zegoen, eta BZ dantza estudioak aurreikuspen guztiak bete ditu. Haur, gazte eta helduen koreografiak eta dantza pieza laburrak tartekatzen joan dira, askotariko erritmoak eta jantzitegiak uztartuz, ikuskizun erakargarria eskainiz

Arratsaldean, 17.00etatik aurrera, Marisa eta Yoana Merino Dantza Eskolaren txanda izango da, eta ziur eguerdikoak bezainbesteko jendetza erakarriko duela. Beraz, karpan sartu nahi duenak garaiz iritsi beharko du hitzordura.