Orno bat hautsi du Jira Bira Eulen-Nuukeko Haritz Artanok

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 25a, 12:45
Haritz Artano Jira Bira Eulen-Nuukeko txirrindularia. (Jira Bira)

Herriko txirrindularitza taldeak animoak eman dizkio kirolari gazteari eta deitoratu du kide garrantzitsua galdu duela denboraldi osorako. Asteburuko albiste onena Xabier Aransolok larunbatean lortutako postua izan da, lehenengo hamar txirrindularien artean helmugaratzea lortu baitu.

Zarauzko Jira Bira Eulen-Nuuk txirrindularitza taldeak ez du astebururik onena izan. Zentzu horretan, Haritz Artanoren lesioa izan da albisterik txarrena; izan ere, ornoa hautsi du eroriko baten ondorioz eta agur esan dio denboraldiari. Hala, taldeak deitoratu du kide garrantzitsua galduko duela jokatzeko dituen lasterketei begira.

Atzo izan zuen erorikoa Artanok eta Jira Birak zehaztu duenez, ondo dago, nahiz eta luzea izango den aurretik duen errekuperazio lana eta pazientziaz hartu beharko duen. Halaber, adierazi du taldearen babes osoa izango duela horretan.

Igandeko lasterketari lotuta, era berean, Zarauzko txirrindularitza taldeak azaldu du zorte txarra bikoitza izan zela, Artanoren erorikoaz gain, ihesaldian sartu zuen txirrindulariak erradioa apurtu zuelako aldapa bat jaisten ari zela, eta, autoak oso atzean zihoazenez, berandu aldatu zuela gurpila, eta, ondorioz, ezin izan zuela atzera berriro bat egin lasterketa buruarekin.

Larunbatean, aldiz, ezin izan zuten txirrindularirik sartu ihesaldian, nahiz eta ahaleginak eta bi egin zituzten. Gainera, tropeletik tiraka jarri ondoren, lasterketa burura gerturatu zirenean, komunikazio arazoak izan zituzten irratiarekin eta horrek behin betik ekidin zuen txirrindulariren bat ihesaldian sartzea. Dena den, Xabier Aransolok lehenengo hamar txirrindularien artean sailkatzea lortu zuen, eta taldeak balio handia eman dio horri. Hala, irakurketa baikorra egin du, "ikasteko eta hobetzeko" balioko dielako txirrindulari gazteei etorkizunera begira.