Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren finala hartuko du Aritzbataldek igandean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 26a, 09:00
Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren finaleko aurkezpena, Zarauzko malekoian. (Jabi Gonzalez Toston)

Adimen urritasuna eta urritasun fisikoa duten pilotarien kategorietan lau bikote onenak izan direnak jokatuko dituzte asteburuko partidak; izan ere, bi izango norgehiagoka ikusiko dituzte bertaratzen direnek.

Aritzbatalde pilotalekuak zehaztuko du zein diren Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren seigarren edizioko bikote txapeldunak igandean 12:00etan hasita; izan ere, bertan jokatuko dituzte bi finalak. Batetik, Iñaki Divasson zarauztarrak eta Iraitz Huegun donostiarrak Jurdan Arakistain zestoarraren eta Eneko Sagarmendi mutrikuarraren aurka neurtuko dituzte indarrak, adimen urritasuna duten pilotarien kategorian, eta, bestetik, Beñat Lizaso oiartzuarra eta Asier Navaridas sunbillarra Edorta de Anta lekunberriarraren eta Aingeru Senprena bidaniarraren aurka arituko dira nor baino nor gurpildun aulkian, urritasun fisikoa duten pilotarien kategorian.

Etxeko pilotaria, Divasson, iaz lortu ez zuen txapela lortzen ahaleginduko da. Hirugarren finala izango da harentzat eta aurrean izango duen pilotarietako bat da, hain justu, iaz menderatu ezin izan zuena: Eneko Sagarmendi. Huegunekin batera bikotea osatuta, orain arteko norgehiagoka guztiak irabazita sailkatu da finalera pilotari zarauztarra, baina igandekoa partida “lehiatua” izango dela dio. Horregatik, “dena emango” duela hitz eman du.

Sagarmendi ez ezik, eskualdeko beste ordezkari bat ere izango du aurrean Divassonek. Zumaiako Pilota Elkarteko kidea den Jurdan Arakistain zestoarra, esan bezala. Azken honek ere final “gogorra” espero du, baina ikusten ditu irabazteko aukerak. Zestoarrak jokatuko duen bigarren finala izango da igandekoa.

Bi partidak telebistaz, ETB1 katearen bitartez, nahiz online, etib.eus atarian, zuzenean jarraitzeko aukera izango da, baina antolatzaileek bertatik bertara jarraitzeko deia egin diete herritarrei, baita Inaxio Illarramendi kirol zinegotziak ere: “Zarautz herri kirolari eta kirolzalea da eta surfetik edo futboletik harago doan aukera zabalagoa eskaintzen du; pilota egokitua, esaterako. Horregatik, plazera da guretzat halako ekitaldi bat herrian antolatzea eta espero dugu hurrengo urteetan ere jarraipena izatea eta Aritzbataldera jende asko bertaratzea”.