Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa onartuko dute arratsaldeko plenoan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 26a, 14:30
Joan den ostaileko ohiko osoko bilkurako une bat. (Gorka Eizagirre)

Gaurko egunera aurreratu dute martxoko ohiko osoko bilkura Aste Santuko oporraldia dela-eta. Hilerriaren araudian aldaketa egitea ere hizpide izango dute, eta EAJren eta PSE-EEren udal taldeek azken asteetako pintadak gaitzesteko proposamena aurkeztuko dute.

Bi eguneko aurrerapenarekin egingo dute Zarauzko Udaleko martxoko udalbatzarra; gaur arratsaldean, hain zuzen ere. Etzi izango da hielko azken osteguna, baina Ostegun Santua izanik, jai eguna denez, gaur arratsaldean egingo dute, esan bezala. Nolanahi ere, ohiko ordutegiari eutsi diote 19:00etan jarri baitute hitzordua udaletxeko pleno aretoan. Halaber, zuzenean ikusteko aukera izango da erlo telebistan nahiz hedabidearen webgunean.

Bada, hizpide izango dituzten gaien artean, euskararen erabileraz arituko dira; izan ere, udalean hizkuntzaren erabilera normalizatzeko VII. plangintzaldia –plan estrategikoa– onartuko dute; 23. Korrika amaitu eta bi egunera, hain justu. 2027ra arteko iraupena izango du.

Horrez gain, herriko hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako araudian aldaketa bat egiteari hasierako onespena emango diote, Vista Alegre auzoan hiru igogailu jartzeko proposamena onartuko dute eta Zarauzko Plan Orokorreko Errotazarreko eremuare sektorizazio planari behin-betiko onespena emango diote. Halaber, hizpide izango dute EAJren eta PSE-EEren udal taldeek azken asteetako pintadak gaitzesteko aurkeztuko duten proposamena.

Hemen kontsultatu daiteke osorik, gaurko ohiko osoko bilkurako gai zerrenda osoa.