Aho batez onartu du udalbatzak Euskararen VII. Plangintzaldia, nahiz eta izan den eztabaidarik

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 29a, 09:00
Udalbatzak astearteko plenoan Euskararen VII. Plangintzaldia onartu zuten unea. (Erlo telebista)

Egoera jakin batzuetan hizkuntza diskriminatzailea izan daitekeela iradokitzean sortu ziren alderdien arteko tirabirak. Azken asteetan herrian agertutako pintadak gaitzesteko mozioak eta Errotazarreko eremuaren sektorizazio planak ere eragin zituzten desadostasunak.

Zarauzko Udalbatzak martxoko ohiko soko bilkura egin zuen asteartean eta hainbat gai izan zituzten hizpide. Mahai gaineratutako puntu guztiak onartu zituzten, eta, euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa, 2027ra bitarteko Euskararen VII. Plangintzaldia, izan zen zentzu horretan babesi zabalena jaso zuena, aho batez onartu baitzuten. Dean den, izan zen tira-birarik alderdien artean gai horri lotuta.

Irune Urbieta Euskara zinegotziak azaldu zuenez, "Zarauzko Udalaren helburua da euskararen erabilera indartzea eta areagotzea". Horren harira, datu esanguratsua ere eman zuen Urbietak: "Udalera ahoz jotzen duten hamar herritarretatik zazpik euskaraz egiten dute. Aldiz, idatziz egiten dutenean, hamarretik bi dira". Bada, hori hobetzeko bidean Euskararen VII. Plangintzaldiak "hiru erronka eta hamazazpi helburu" jaso dituela zehaztu zuen zinegotziak.

Gloria Vazquez PSE-EEren udal taldeko bozeramaleak, bere aldetik, "bat egin" zuen "euskararen erabilera zabaldu eta bultzatzeko asmoarekin", baina azpimarratu zuen, aldi berean, bere alderdia "euskaraz soilik politikaren aurka" dagoela "diskriminatzailea delako". Horregatik, udalak antolatutako hitzaldiak elebitan izan beharko liratekeela defendatu zuen. Nolanahi ere, plan estrategikoan jasotako testuak zehazten duenez ez duela inor baztertuko erabiltzen duen hizkuntzaren edo erabili nahi duen hizkuntzagatik, baiezko eman zuen PSE-EEk.

Bada, euskara diskriminatzailea izan zitekeela iradoki izanak EH Bilduren haserrea eragin zuen: "Euskara zarauztarren ardatzetako bat dela uste dugu eta herri hau eraikitzeko oinarria. Horregatik, ezin dugu onartu diskriminazio hitza euskararekin lotuta plazaratzea", adierazi zuen Eider Gurrutxaga koalizio subiranistako hautetsiak bere hitzartzea abiatzerako orduan. Planari berari lotuta, bestalde, "ondo landutakoa" iruditu zitzaion hiru arrazoiengatik: "Batetik, lanketa hasi aurreko diagnostikoa egokia izan delako; bestetik, ekintza planean zehaztutako neurriak ere aproposak direlako, eta, azkenik, anbiziotsua delako aurrera begirako kudeaketa ereduari lotuta misio argia duelako".

Industria bultzatzeko politiketan desadostasuna

Hizpide izan zituzten gainerako puntuek ere aurrera egin zuten, baina EH Bilduk ez zituen babestu. Zentzu horretan, Zarauzko Plan Orokorreko Errotazarreko eremuaren sektorizazio planari behin-betiko onespena ematerako orduan agertu zuten desadostasun handienetako bat koalizio abertzaleko hautetsiek.

Garbiñe Oiarbide Hirigintza zinegotziak argudiatu zuenez, Errotazar zen "aukera bakarra" herriko industria eskaintza handitzeko, eta, sektorizazio plana onartuta "Zarautzen industriari lotutako jarduerak errotzen jarraitzeko beharrezko eremua" garatzen hasi ahalko dute.

Horren aurrean, EH Bilduko Ion Arozenak kritikatu erabaki "kontrajarriak" hartzen ari dela udala: "Ez du zentzu handirik industriaren alde lan egiten ari zaretela esatea eta gero hainbat partzelen erabilera aldatzea Lidlek eta Mercadonak supermerkatuak ireki ahal izateko. Partzela horietako bat, gainera, oso handia da eta industria jarduerarako bideratu zitekeen". Dena den, etorkizuneko beharrak zein izango diren ez dakitenez, "sektorizazioa ez oztopatzeko" erabakia hartu zuen koalizioak eta abstentziora jo zuen. Horren aurrean, Oiarbidek erantzun zuen erabilera nagusia industria izatea ez dela oztopo beste erabilera batzuk baimentzeko: "Herri askotako industriaguneetan daude supermerkatuak".

Pintadak gaitzesteko mozioa ere aurrera

Udalbatzarreko azken puntuan azken asteetako pintadak gaitzesteko mozioa onartu zuten EAJk eta PSE-EEk proposatuta. EH Bilduren abstentzioarekin hori ere. Jesus Arana EAJren udal taldeko bozeramaleak azaldu zuen, aldarrikapen zehatzei erreferentzia egiten diten pintadak izan direla batzuk, baina Xabier Txurruka alkatea zuzenean iraintzen dutenak ere izan direla. Halaber, salatu zuen pintadek "elkarbizitzari kalte zuzena" egiten diotela eta "indarkeria" direla, "pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak zanpatzen baitituzte". Gainera, ziurtzat jo zuen "antolatutako kanpaina" dagoela horien atzean. Hari beretik, adierazi zuen "pintadak, pankartak eta antzerakoak non nahi" daudela eta hiri paisaia erabat zikintzen duen "propaganda modelo anakronikoa" dela.

PSE-EEko udal taldeko bozeramaleak, berriz, jakinarazi zuen "erakunde adierazpena plazaratu nahi izan" zutela, baina EH Bilduk uko egin ziola horri. Koalizio soberanistak, bere aldetik, bere babes osoa adierazi zion alkateari eta argitu zuen zuen pintadak ez zaizkiola iruditzen aldarrikapenetarako modu egokia direnik. Dena den, Itziar Murua udal taldeko bozeramaleak adierazi zuen "gaiari gehiegizko garrantzia" ematen ari direla adierazpenak eta mozioak onartuta. Gainera, kezkatuta agertu zen mozioak "pintada gehiago egitera bultzatu" dezakeelakoan.

Horrez gain, Muruak azaldu zuen EH Bilduk ez duela bat egiten mozioaren "edukiarekin eta tonuarekin". Zentzu horretan, argudiatu du berak ordezkatzen duen alderdia adierazpen askatasunaren alde dagoela, eta, mozioak pintadez gain, "pankartak eta horrelakoak" aipatzen dituela hitzez hitz, EH Bilduren iritzia zentzu horretan bestelakoa denean. Azken horri lotuta, aldarrikapen pankartak "komunikazio bidea" direla adierazi zuen Muruak, "herritarren egonezina" adierazten dutelako, eta, ondorioz, ez datozela bat "anakronikoak" direla dioen baieztapenarekin. Hori horrela, beste herri batzuetako eredua jarraitzea eta pankartak jartzeko epeak zabaltzea proposatu zuen Muruak.