Zinema eskaintza zabalarekin datoz Aste Santuko jai egunak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 28a, 09:00

Gaurtik asteartera bitartean egunero izango da zer ikusia Modelon, hiru film emango baitituzte guztira: Kung Fu Panda 4, La familia Beneton eta Los niños de Winton. Pazko Astelehenean ez da beherapenik izango sarreran, hurrengo egunera atzeratu baitute ikuslearen eguna.

Aste Santua dela-eta, ohikoa baino zabalagoa izango da zinema eskaintza Modelo aretoan. Hiru film emango dituzte gaur bertatik hasi eta asteartea arte: Kung Fu Panda 4, La familia Beneton eta Los niños de Winton, hain zuzen ere. Lehenengoa, animaziozko filma da eta gaztetxoek jada izan dute ikusteko aukera, joan den asteburuan eman baitzuten. Hala, ikusi ez zuenak edota errepikatu nahi duenak horretarako aukera izango du gaurtik larunbatera bitartean.

Horrez gain, La familia Beneton eta Los niños de Winton ikus entzunezkoak eskainiko dituzte esan bezala. Biak ala biak gaztetxoak ikusteko modukoak dira era berean, La familia Beneton espainiarra da eta umorezkoa. Leo Harlemek antzezten duen Toni da filmeko protagonista, haurrak gorroto dituen gizon kaskagor ezkongabea. Arreba ustekabean hiltzen zaionean, ordea, haren bost seme-alaben aldi baterako tutore bihurtuko da.

Los niños de Winton, berriz, ez da hain barregarria, holokaustoa izango baitu hizpide. Gaztea zela nazien atzaparretatik ehunka ume erreskatatzen lagundu zuen Nicholas Nicky Winton Britania Handiko burtsa agentearen istorioa kontatuko du. Anthony Hopkins aktore ezagunak gorpuztuko du Winton zeinak bere burua zigortzen duen etengabe ume gehiago ezin izan zituelako erreskatatu. Hopkinsekin batera, izango dira aurpegi gehiago ere pantaila handian; Helena Bonham Carter, kasu.

Martxoak 28, osteguna
16:45 Kung Fu Panda 4
19:15 La familia Beneton

Martxoak 29, ostirala
16:45 Kung Fu Panda 4
19:15 La familia Beneton

Martxoak 30, larunbata
16:45 Kung Fu Panda 4
19:15 La familia Beneton
22:15 Los niños de Winton

Martxoak 31, igandea
16:45 La familia Beneton
19:15 Los niños de Winton
22:15 Los niños de Winton

Apirilak 1, astelehena
16:45 La familia Beneton
19:15 Los niños de Winton

Apirilak 2, asteartea (ikusleen eguna)
17:00 La familia Beneton
19:30 Los niños de Winton