Iñurritzako padura leheneratzeko aldundiaren lanak kritikatu ditu udaleko Ingurumen sailak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 29a, 11:30
Iñurritzako paduraran pilatutako hainbat adar, aldundiaren lanak direla-eta. (Utzitakoa)

Landaretza indartzeko eta oinezkoen bidearen jatorrizko zabalera berreskuratzeko jarduketak egiten ari da egunotan, baina Gloria Vazquez zinegotziaren aburuz, "bortitza" izan da esku hartzea.

Iñurritzako padurako landaretza indartzeko eta ingurua leheneratzeko lanak egiten ari da egunotan Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamendua. Horretarako, bakantze eta kimatze lanak egiten azken egunetan araztegira bitarteko heskaian eta araztegi pareko eukaliptoak moztu eta aterako ditu datorren astean; izan ere, espezie exotikoak eta hildako zumarrak eta orpo beretik sortutako altsumak kentzea dira beste helburuetako bat.

Bada, Gloria Vazque Zaruzko Udaleko ingurumen zinegotzia kritiko agertu da lan horiekin: "Ulertzen ditugu jarduketa hori egitean lortu nahi izan diren helburuak, baina ez gatoz bat hain modu bortitzean egin izanarekin. Egin zitekeen inausketak aukeratuz, erramuak eta lehendik ondo garatuta zeuden beste zuhaixka espezie batzuk mantentzeko"

Aldundiaren esanetan, egunotan Iñurritzan egiten ari diren lanek paduraren ertzeko landaretza sendotzea dute xede, pantailatze-efektua lortzeko. Hala, heskaiak korridore gisara duen funtzio ekologikoarekin batera, oinezkoen biderako gerizpea eskainiko du eta eguzki-haizetatik babesa. Gainera, espezie desberdinen txandaketarekin inguru aberatsa izango da biodibertsitatea zaintzeko.

Lurralde Oreka Berdeko departamenduak gogoratu duenez, Iñurritzako padurako mantentze lanak ez dira berriak, etengabe egin dituzte azken urteotan, baina berriki hasitako jarduketak orain artekoak baino zabalagoak dira, premia handia baitzegoen. Horren harira, azaldu du denborarekin landatutako aleek bilakaera eta garapen desberdina izan dutela.

Aldundiak jakinarazi du, gainera, egiten ari den lanekin oinezkoen bidezidorrak jatorrian zuen zabalera berreskuratuko du, gainera, eta bidetik padurarantz joatean pertsonek eta txakurrek sortu dituzten pasabideak itxiko ditu. Nolanahi ere, zehaztu du udazkenen ekingo diola bidearen konponketa lanei, Ur-Partzuergoak hodi berriaren instalazio lanak amaitutakoan.