Garagardo Azokako herri bazkariak 200 bat lagun bildu ditu

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 09:00

Gustura aritu ziren jan edanean parte hartzaileak Munoako karpan. Paella eta Alemanian ohikoak diren ukondoa eta saltxitxak izan ziren Menuko plater izarrak.

Azken txanpan sartu da XXII. Garagardo Azoka. Bihar itxiko dituzte Munoako karpako ateak datorren urteko Aste Santura arte, baina bitartean izango da zeregina oraindik. Gaur, adibidez, erromeria izango da Bada Giro musika taldearen eskutik. Azken kontzertua izango da.

Nolanahi ere, agurretan pentsatzen hasi aurretik herri bazkaria egiteko baliatu zuten atzoko eguna 200 bat lagunek. Lagun artean bertaratu ziren gehienak menuak erakarrita; izan ere, paella eta Alemanian ohikoak diren ukondoa, saltxitxak, eta postrerako Strudle sagar tarta dastatzeko aukera izan zuten, baita Bina Binako izozkia jateko aukera ere. Garagardorik ere ez zen falta izan, noski, bi berezi edan zitzakeen parte hartzaileetako bakoitzak bazkariko txartelarekin.